Zornotzako Udalak "hausnarketarako eta ardurarako deia" egin du Gazte Egunaren harira. Ospakizuna martxoaren 16an egin zen, eta udala kexu da, herriko kaleak "oso zikin" agertu zirelako biharamunean. "Apurtutako kristalak, botilak, edalontziak eta alkohol hondarrak" topatu zituzten besteak beste. Gertatutakoa "onartezintzat" jo du, eta "praktika iraunkorragoetarako pausoak emateko beharra" azpimarratu du,"edalontzi berrerabilgarriak erabiliz eta inguruan dauden paperontzietan hondakinak behar bezala botaz". Garbiketa zerbitzuak indartu behar izan zituztela gaineratu du hedabideetara igorritako oharrean.
"Udalak gazte zornotzarrek aisialdirako eta ospakizunetarako espazioez gozatzeko duten eskubidea azpimarratu du. Hala ere, garrantzitsua da nabarmentzea guztion erantzukizuna dela herria zaintzea eta errespetatzea", azaldu dute oharrean. Udalak ekitaldiak modu arduratsuan, seguruan eta errespetuzkoan gauzatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du.