Zornotzako Udalak antolatuta, Marixelarre Sariaren 3. edizioa izan da gaur. Sari honen helburu nagusia da Zornotzako emakumeak, eta hauen ongizatea sustatzen duten pertsona, erakunde eta proiektuak balioan jartzea eta merezi duten aitortza ematea. Edizio honetan, kirola medio elkarteekin lotura duten 1.205 emakume kirolari zornotzarrei egin zaie aitortza.
Ekitaldia Zelaieta parkeko karpan egin da, Emakume Nekazarien, Abeltzainen eta Artisauen Azokaren 26. edizioarekin batera, eta bertan izan da Ainhoa Salterain alkatea. "Gaur egun, gure udalerrian kirolari lotuta dauden 1.205 emakumeak eredu dira, kirol-arloan genero-berdintasunaren alde egiten duten ekarpenarengatik, duten indarrarengatik eta honek guztiak duen garrantziarengatik. Harro egoteko modukoa da zuen lana, eta aitortu nahi dizuet gure herriko neskentzat erreferente izatearen garrantzia", adierazi du.
Omendutako emakume guztien izenean, Zornotzako elkarte eta klub bakoitzeko hiru ordezkarik jaso dute oroigarria ekitaldian. Hala ere, 1.205 emakumeek izango dute bere oroigarria; datozen egunetan jasoko dute, euren klub eta elkarteen bitartez.
Ekitaldian, orain egun gutxi Larrea eskolan bizitako esperientzia ere ekarri du gogora Salterainek. “Haurtzarotik esparru profesional guztietan aukera-berdintasunean hezteak duen garrantzia azpimarratu nahi dut”. Era berean, Zornotzako IV. Berdintasun Planaren onarpena ekarri du gogora: "72 emakumek eta 13 gizonek hartu dute parte dokumentu honetan, eta besteak beste, agerian utzi ditu kirolean eta udalerriko elkarte sarean emakumeen eta gizonen artean dauden desberdintasunak".