"Herriko emakume guztien aniztasuna" jasotzen duen Berdintasun Plana onartu dute Zornotzan

Ekaitz Herrera 2024ko mar. 8a, 15:08

Udalbatzak aho batez onartu du testu berria. Zornotzan indarrean sartzen den laugarren Berdintasun Plana da. 

Martxoaren 8agaz batera, Zornotzako udalbatzak Berdintasun Plan berria onartu du. Udalerrian indarrean sartzen den laugarrena. Araudi berrian "errealitate diskriminatzaileak ezabatzen" jarraitzeko bideak islatu dituzte, udalerri "feminista, berdinzale eta justuagoa" eraikitzen segitzeko. Zortzi programa eta 30 neurri espefiziko jaso dituzte; guztiak ere, "errealitatea transformatzeari" begira.

Testu berria Jon Artabe zinegotzi jeltzaleak aurkeztu du. Adierazi duenez, "intersekzionalitateari" loturiko ezaugarriak jaso dituzte, herrian bizi diren emakumeen "adina, etnia, jatorria eta gainerako ezaugarri anitzak" txertatuta:  "Herriko emakumeen aniztasun guztia". Era berean, Alicia Hernández gobernukide sozialistak plan berria txalotu du: "Orain arte egindako Berdintasun Planik anbiziotsuena eta parte hartzaileena da". Zenbakiei erreparatuta, Zornotzako 73 emakumek eta hamahiru gizonek parte hartu dute haren eraketan.

Oposizioko alderdiek testu berria babestu dute. Planak "eduki oso positiboak" dituela berretsi du EH Bilduko Bego Atxa bozeramaileak. Hala ere, koalizio subiranistak arau berria onartzeko "moduak" desegokiak izan direla leporatu dio gobernu taldeari. Kontua da gobernu taldeak puntu bakarreko ezohiko osoko bilkura baten baitan antolatu duela Berdintasun Plan berriaren onarpena; Martxoaren 8agaz bat eginda. Keinu horrekin gobernu taldeak "etekin politikoa" atera gura izan duela kritikatu du. Elkarrekin Podemos - Ezker Anitza taldeko Alba Gutierrez zinegotziak antzera bateko irakurketa egin du. "Plan aurrerakoia" gauzatu dela-eta pozik agertu da, baina haren onarpena Martxoaren 8an egitearen "keinuak berdintasunaren esentzia galtzea" dakarrela iritzi dio. "Ezin dugu aldarrikapena jai bihurtu", gaineratu du Gutierrezek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!