Martxoak 8

“Beharrezkoa da etxerik etxeko arreta zerbitzua ikusgai egin eta publifikatzea”

Ekaitz Herrera 2024ko mar. 8a, 08:58

Itxaso Lur Gonzalez, Ana Isabel Vegas eta Amaia Astobiza Zornotzako mugimendu feministako kideak dira. Gaur mobilizazioen lehenengo lerroan egongo dira, egungo zaintza ereduaren aurrean alternatibak aldarrikatzen. Besteak beste, etxerik etxeko laguntza zerbitzua eraldatzean egingo dute azpimarra. Gonzalez eta Vegas zerbitzu horretako langileak dira. 

Aurtengo aldarrikapenetan, etxerik etxeko arreta eskaintzeaz arduratzen diren beharginen errealitatea ikusaraziko duzue. Zein da zuen lan zehatza?
Itxaso Lur Gonzalez: Zornotzako etxebizitzetan lan egiten dugun beharginak gara. Etxerik etxe lan egiten dugu, normalean haien kabuz moldatzeko ahalmenik ez duten herritarrei laguntzen. Zeozelan esateko, multizereginak egiten ditugu. Hau da: beharrizana duen herritarra garbitu, harentzat kozinatu, errekaduak egin, etxea txukundu, entzun, psikologo lanak egin eta zeregin administratiboetan laguntzen dugu. Horrez gainera, azkenaldian, bazterkeria egoeran dauden herritarrei ere laguntzen hasi gara. 

Zein da zerbitzua eskatu gura duen herritarrak egin beharreko bidea?
Ana Isabel Vegas: Lehen, zerbitzua eskatu gura zuenak Nafarroa Zentrora jotzen zuen gizarte laguntzaileagaz hitzordua eskatzeko. Orain, ostera, Herritarrentzako Arreta Zentrora jo behar duzu lehenengo, eta Nafarroa Zentrora gero, han gizarte laguntzaileagaz egoteko. Sarritan, asteak ere pasatu daitezke hitzordua lortu arte, hilabete edo bi. Behin lortuta, behar duzuna adierazten duzu. Demagun zure senideren batek, aitak, amak, anaiak edo arrebak, ezintasunen bat duela. Senide horri mediku ebaluazio bat egingo diote, eta horren araberako zerbitzu bat ipini. Menpekotasun mailaren arabera, egunean ordubeteko zerbitzua, ordu bikoa edo hirukoa zehazten da. 

Azaroaren 30eko greba orokorrean, mugimendu feministak etxerik etxeko langileen zerbitzua publifikatzea eskatu zion udalari.
Amaia Astobiza: Etxerik etxeko langileen zerbitzua azpikontratatuta dago gaur egun. Udalak Urgatzi izeneko enpresa kontratatzen du zerbitzua emateko. Horren arabera, Zornotzako Udalak 32 euro ordaintzen dizkio enpresari etxeko beharginek lan egiten duten ordu bakoitzeko. Trukean, etxeko langileek hamazazpi euro jasotzen dituzte lan eginiko ordu bakoitzeko. Bidean geratzen diren hamabost euroetan gizarte segurantza eta halakoak sartuta egongo dira, bai, baina marjina handia da. Hor enpresaren irabaziak daude. 
A.I.V.: Urgatzi enpresarentzat lan egiten dugu, baina kontratazioa aldatu eta enpresa onuraduna beste bat izango balitz ere, lanean jarraituko genuke. Udalaren kontratazio orrietan subrogazioa dago sartuta, eta, horrenbestez, lizitazioa enpresa batek ala beste batek irabazi, plantillan mantenduko gintuzkete. 

Zenbat ordu lan egiten duzue?
A.I.V.: Nik, adibidez, gaur egun hiru pertsonarentzat lan egiten dut. 08:00etan sartu eta 11:45ak arte lan egiten dut. 
I.L.G.: Nik ordu bi eta 45 minutu lan egiten dut. Orain gutxira arte lau ordu egiten egon naiz. Ordu bi inguru goizez egiten nituen, eta beste bi arratsaldez. Edozelan ere, lau orduei dagokien ordainsaria jasotzen dugu. 
A.A.: Eta hor galdera bat sortzen da. Zergaitik ez dira betetzen eskaini beharreko ordu guztiak? Beharrizanik ez dagoelako ala zerbitzua eskatzaile guztiengana heldu ezinda dabilelako? Askotan dugu zalantza hori. Gure ustez, udalak lan proaktiboago bat egin beharko luke, Herritarren Arreta Zerbitzura bertaratzeko aukerarik ez dutenak eta zerbitzua dagoenik ere ez dakitenak detektatzen. Zornotzara bizitzera etorri berriek badakite zein zerbitzu dauden herrian? Hona etorri eta bizimodua bertan garatu dutenek ere zerbitzu hau beharko dute etorkizunean. Horrenbestez, ikusgarritasunaz gabiltzanean, horri buruz gabiltza, zerbitzuaren ikusgaitasunari buruz. Gure eskaria zerbitzua publifikatzea, langileak udaleko langile izatea eta horren araberako baldintzak ezartzea da. Gainera, era horretan, etxeko langile modura euren kontura lan egiten duten askok sarbidea izango lukete zerbitzu horretara.

Euren kontura lan egiten duten etxeko langileak aipatu dituzue. Kasurik gehienetan, emakume migratzaile eta arrazalizatuek betetzen dituzte lan horiek. 
A.A.: Bai. Eta argi dagoena da guk pertsona horiek behar ditugula. Zornotzara etorri dira bizitzera, hemen lan egiten dute, Zornotzako herritarrak dira. Eta gainerako enpresekin egiten den moduan, haien lan baldintza duinak bermatu behar dira. Bestalde, erresidentzietako errealitatean esku hartzea eta etxebizitza komunitarioak sortzen hastea eskatzen dugu. Azken hauen adibide modura Usurbil edo Hernani ipini daitezke. Parte hartze prozesu bat hasita, adinekoekin, haien seme-alabekin, herritarrekin eta mugimendu feministagaz eredu bat lantzen hasi gaitezke, nahiak eta beharrizanak identifikatuta.

Baduzue beharrizanei loturiko estatistikarik?
A.A.: Zornotzan 65 urtetik gorako 4.000 biztanle dago. Aurreikuspenen arabera, hamar urte barru 5.500 izango dira. Eta hogei urte barru, 7.000. Diagnostikoa egin eta errealitate hori kontuan hartzeko eskatzen dugu. Gizartea zahartzen dabil, Zornotzan ere bai. Badira datu gehiago. 85 urte baino gehiago izan eta bakarrik bizi direnak 280 bat dira gaur egun. 30 urte barru, 85 urte baino gehiago dituztenen kopurua 500era heldu daiteke. Zaintzarako beharrizana geroago eta handiagoa izango da.
A.I.V.: Bai, gure zereginetan ere igartzen dugu hori. Nik etxeko lanak amaitu eta gero, artatzen dudan batek baino gehiagok beragaz berba egiteko eta berari konpainia egiteko eskatzen didate. "Ana, jesarri zaitez, dena ez da garbitzea izango eta", esan izan didate. 

Bakardadean bizi den jende asko dago?
I.L.G.: Asko, bai. Badira familiak oso ondo zainduriko herritarrak, etengabeko hartu-emana dutenak. Baina badaude bestelako kasuak ere bai. Gure zerbitzua ematen diegun asko gu noiz helduko zain egoten dira. "Hartuko duzu kafe bat?", galdetzen dizute. Edo, "honako hau eskaini diezazuket. Beste honako hau ere badut", esango dizute. Konpainia eskatzen dizute. Bakardadea gaixotasun nagusienetarikoa izan daiteke 2024-2025 bueltan.

Gaur-gaurkoz, zenbat herritarri eskaintzen diozue zerbitzua?
A.I.V.: Zornotzako 73 herritarri. Kopurua jaitsi egin da azken urteotan. Koronabirusak izango zuen bere eragina horretan. 100 herritar baino gehiago artatu izan ditugu iraganean.

Eta zenbatek eskaintzen duzue zerbitzua?
A.I.V.: 21 gara.
I.L.G.: Lanorduetan murrizketak izan ditugu eta azken zortzi urteotan gutxitu egin da gure eroste ahalmena. Egunean lau ordu baino gutxiago lan egin arren, lau orduri dagokion ordainsaria jasotzen dugu, hori hala da, baina nik neuk behintzat lanaldi oso bat gura dut. Eta oraingo egoeran ezin dut beste lanaldi erdi bat topatu. Izan ere, ordu bi lan eginda goizean, eta beste bi arratsaldean, ezin dut beste lanaldi bat txertatu. 
A.A.: Bai. Eta Itxasok aipatzen duenak ederto islatzen du prekaritatea. Soldata eta ordutegi horiekin, ezin da bizimodua atera. Baina, jakina, udalak suposatzen du langileen etxeetan aparteko soldata duin bat egongo dela: senarrarena. Aurrera barik, atzera goaz.

21 langile horietatik zenbat zarete emakumeak?
I.L.G.: Den-denak gara emakumeak! Badirudi zaintzaren rola emakumeon bizkar gainean ezarri dela. 

Beraz, argi dago. Gaur kalera irtengo duzue aldarrikatzera. Zelan biziko duzue Martxoaren 8a?
I.L.G.: Neuri egokitu zait manifestazio amaieran berba egitea. Eta, alde horretatik, apur bat urduri egongo naiz. Bestalde, baikortasun handiagaz biziko dut. Etxerik etxeko arreta zerbitzua ezagutaraztea gura dut, jendeak horri buruz berba egitea. 
A.I.V.: Nik ez neukan Martxoaren 8ko manifestazioetara joateko ohiturarik. Baina aurtengoa iazkoaren modukoa bada, primerakoa izango da. Lan handia egin eta asko gozatu nuen. 
A.A.: Azaroaren 30eko greba feminista orokorrean landurikoak berretsiko ditugu. Manifestazioa izango dugu, musika ere bai... Izan ere, ez dugu mobilizazioa amaitu eta nor bere etxera joan gura. Elkarregaz egon gura dugu, dantzatu, eta barre egin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!