Zapatuan ZUOK jardunaldi sortaren lehenengo saioa egingo dute Zelaieta zentroan

Anboto 2024ko ots. 23a, 14:17

Egitasmoan parte hartzeko interesa agertu duten 126 gazte zornotzarretatik 30 aukeratu dituzte. 

Zornotzako Udalak 20 eta 28 urte bitarteko gazteei begirako proiektua sortu du, herriko politikagintzan gazteentzat interesgarriak diren arloak jorratzeko. Hala nola, aisialdia, emantzipazioa, prestakuntza eta enplegua. Aurreikusitako bost jardunaldien lehenengo saioa zapatu honetan egingo dute. Zelaieta zentroan egingo dute goizeko 10:00etatik 13:00etara. 

Guztira Zornotzako 126 gaztek agertu zuten egitasmoan parte hartzeko interesa. Udalak 30 hautatu ditu, gazteria lagin modura. Aukeraketa horretarako generoa, adina, bizilekua, kultura-jatorria eta ikasketa mailak hartu dituzte kontuan. Parte hartzaile bakoitzak 500 euroko konpentsazio ekonomikoa jasoko du jardunaldietan ekarpenak egiteagatik. 100 euro saio bakoitzeko. Ainhoa Salterain alkateak ekimen honen garrantzia azpimarratu du: "Funtsezkoa da gure gazteen iritziak eta beharrak entzutea eta baloratzea. Beren interesak islatzen dituzten eta ongizatea lortzen laguntzen duten politikak eta ekintzak
inplementatu nahi ditugu".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!