ZUOK egitasmoa sortu dute Zornotzan, gazteen ahotsa entzun eta parte hartzea sustatzeko

Ekaitz Herrera 2024ko ots. 6a, 11:43

Zornotzako Udalak 20-28 urte arteko herritarrei begirako bost lan saio antolatu ditu gazteentzat funtsezkoak diren arloak jorratzeko helburuz. Dinamikan parte hartzen duten gazteek 100 euro jasoko dute lan saio bakoitzeko.  

Zornotzako Udalak ZUOK egitasmoa aurkeztu du goiz honetan, gazteen parte hartzea sustatzeko eta gazteen ahotsa entzuteko konpromisoarekin jaio den proiektu berria. Ainhoa Salterain alkateak azaldu duenez, "komunikazio eta parte hartze kanal zuzena" sortu gura dute herriko gazteekin, euren "kezkak, nahiak eta proposamenak jasotzeko". Modu horretan, etorkizunean herrian egon daitezkeen erabakietan, gazteak "parte aktibo" izatea gura dute.

Egitasmoa gauzatzeko bost lan saio egingo dituzte gazteekin. Horietan, gazteriarentzat funtsezkoak diren arloak jorratuko dituzte. Adibidez, aisialdia, emantzipazioa, prestakuntza, enplegua eta gazteek proposatzen duten beste edozein gai. Koldo Bilbao Kultura, Kirol eta Segurtasun zinegotziak argitu duenez, jardunaldi guztiak Zelaieta zentroan egingo dituzte, zapatuetan, 10:00-13:00 ordutegiagaz. Datak ere zehaztu ditu. Honako hauek izango dira: otsailaren 24a, martxoaren 16a, apirilaren 27a, maiatzaren 18a eta ekainaren 15a. Bilbaok gaineratu du gazteak "herriko aldaketaren eragile" izatea eta "entzunak senti daitezen" gura dutela.

"Talde anitz eta adierazgarria"

Zehaztutako bost jardunaldiei begira, 25-30 gazte arteko "talde anitz eta adierazgarria" sortu gura du udalak. Horretarako, hautaketa bat egingo dute izena ematen duten guztien artean, generoa, adina, bizilekua, kultura-jatorria eta ikasketa maila irizpidetzat hartuta. Era berean, lan saioetan parte hartzen duten gazteei "konpromisoa eta parte hartze aktiboa aitortzeko asmoz", udalak 500 euroko konpentsazioa eskainiko dio bakoitzari. 100 euro bertaratzen diren saio bakoitzeko.

Egitasmoan izena eman gura duten gazteek zabalik dute horretarako aukera. Bi bide daude. Batetik, Zornotzako Udalaren web atarian dagoen formularioa bete daiteke. Bestetik, zuok@amorebieta.eus helbidera bidali daitezke norbere datu pertsonalak. Izena emateko epea otsailaren 16an zarratuko da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!