Zelan dago Alexandru?
Egoeraren larritasuna kontuan hartuta, apur bat hobeto dago. Medikuek ez zuten ezelako esperantzarik. Jipoia jaso berritan astebeteko bizi itxaropena eman zioten, eta hara, ia hiru urte daramatzagu honegaz. Aurrerapenen bat egitea lortu du. Gorlizko ospitalean egon zen urte eta erdian. Gaur egun, Bilboko etxe batean dago, eta tarteka Bartzelonako klinika batera eramaten dute, errehabilitazio lanak han egiteko. Hango medikuentzat erronka da Alex artatzea. Berearen moduko kasuekin lan egiten dute, eta, egia esan, kariño handia hartu diote. Egundoko esfortzua egiten dute berari laguntzeko. Hile eta erdiko errehabilitazio lanaren ondoren, ahotik jaten du, zunda kendu diote, berba batzuk egiten ditu, eta ura eskatzen dizu. Niri, adibidez, izenetik deitzen dit. Ezkerreko aldean, egundoko indarra du beso-hanketan. Barrutik, baina, ume bat da. Ingurukoak ezagutzen gaitu: ama, aita, anaia, ni, abokatua. Baina ez dakigu iragana oroitzen ote duen.
Zein izango da hurrengo pausoa?
Protesi bat ipiniko diote burezurreko alde batean, eskumaldean. Ebakuntza horren zain dago. Gurutzetako ospitalean egingo diote. Kontua da orain ia hiru urte eman zioten jipoian burezurra hautsi ziotela, eta horren ondorioz burua deformatzen joan zaiola. Orain aprobak egin behar dizkiote, anestesistagaz-eta. Medikuek dioskue bere egoera gehiago hobetu daitekeela titaniozko protesia ipinirikoan, nahiz eta argi dioskuen sekula ere ez dela lehengoratuko. Hala ere, itxaropen handia dugu Alexandruren bilakaeran, eta hobekuntzak lortzea gatx izango den arren borrokan jarraituko dugu. Ama bere ondoan dago etengabe, egun eta gau. Txarto pasatzen dabilen arren, ez du etsitzen.
Bizkaiko Auzitegiak joan zen astean kaleratu zuen adinez nagusi diren sei gazteren kontrako epaia. Zein da zuen balorazioa?
Tira, gutxienez urte apur batzuetarako kondenak jaso dituzte. Ama beldurtuta zegoen epaia kaleratu aurreko egunetan. Zigorrik egon ezean, Alexandrugaz Errumaniara bueltatuko zela zeukan erabakita. Beldur die erasotzaileei, eta nahi-non ikusten ditu. Kaletik jarraitzen dioten sentsazioa du, bakean utziko ez duten sentsazioa, eta Alexi berriro ere min egingo diotela. Izututa dago. Adinez nagusi diren erasotzaileek jaso zezaketen kondenarik handiena jaso dute, behintzat. Adin txikikoak diren erasotzaileekin, baina, kontua bestelakoa da.
Izan ere, joan zen asteko epaiak 10etik 20 urtera arteko kartzela zigorra ezarri die adinez nagusi diren sei gazteri. Baina iaz adin txikiko zortzi gazte epaitu zituzten.
Bai. Adin txikikoa den gazteetariko bat zentro batean dago egunez, eta etxean gauez. Gainerakoak auzitegira joatera daude derrigortuta, sinatzera. Baina ez dago euretariko baten berririk.
Berriro ere egin dute halakorik?
Bai. Badirudi Zornotzan gertaturikoak kemen moduko bat eman diela erasotzaileei. Koala Anaiak famatu egin dira, telebistan irten dute eta auzitegiak ezarri diena zigor handia ez denez, bada, lehengo lepotik burua jarraitzen dute. Antzera bateko banda ugari dago Bilbon eta Espainiako estatuan.
Izan duzue kontakturik erasotzaileekin? Haien senitartekoekin?
Gurasoekin ez. Adinez txikikoak zirenen epaiketan, auzipetuekin eurekin bai, izan genuen hartu-emana, euretariko denekin. Auzitegiko itxarongelan eta kanpoaldean ikusi genituen. Alexandruren ama behea jota zegoen. Auzitegitik irten genuenean, euretariko bat korrika etorri zen gugana. Han nengoen ni, Alexandruren aitagaz eta amagaz. Gazte hark barkamena eskatu gura zuen, modu batera ala bestera. Baina gazte hura ikusitakoan, ama guztiz izutu zen. Zergaitik egin zuen galdetu zion etengabe gazteari, harik eta amak konortea galdu zuen arte. Bestalde, Alexandruren gurasoek oraindino ez dute ikusi gazteek jipoia eman bitartean grabaturiko bideoa. Telebistan ikusi izan dute irudiren bat, gura barik. Lurrean zegoela, Hil ezazu! Hil ezazu! oihukatu eta ostu egin zioten.
Epaiagaz fase bat amaitu da familiarentzat?
Bai. Amak horixe gura zuen. Auzia behingoz amaitu eta Alexandru buru-belarri zaintzea. Horixe baino ez du gura, eta ahalik eta ondoen hobetzea.
Zapatuan kontzertu solidario bat egingo duzue Zornotza Aretoan Alexandruren alde.
Bai, 18:30ean izango da. Bilboko Gospel taldeak kontzertua emango du. Haiek eskaini zuten euren burua kontzertua egiteko. Iaz Alexandruri laguntzeko antolatu genuen jaialdian ez zuten parte hartzerik izan, baina aurten bai. Zornotzako Udalak bitartekaritza lanekin lagundu digu. Ea jende asko datorren eta Zornotza Aretoa betetzen dugun. Batzen dugun baliabide ekonomiko oro Alexandruren errehabilitaziorako izango da.
Urte eta hile hauetan guztietan zelakoa izan da Zornotzako herritarrek emaniko babesa?
Asko lagundu digute, izugarri. Iruditzen zait gertatu zenak herritar guztiak hunkitu zituela. Herritarrak, prentsa, osasun langileak,... denek agertu dute babesa. Kasu hau hain da beldurgarria, hain egin da ezaguna..., jendeak egundoko babesa eman diola familiari.
Alexandruri egin ziotenak zein hausnarketa gizarteratu beharko lukeela uste duzu?
Gogoeta ekarri beharko luke, bai. Nik lehen lasai irteten nuen kalera, ez nuen beldurrik, eta ez nuen atzera begiratzen. Orain, ostera, atzetik baten bat datorrela igartzen dudanean, begiratu egiten dut. Gaua bada, autoa aparkatu eta arineketan joaten naiz etxera. Denerik dago. Badago bihotz oneko jendea, eskuzabala. Horiek ere ezagutu ditugu, zorionez. Baina badago frustrazioak jota bizi den jende bat ere. Horrelako gertaerarik berriro inon ere ez izatea gura dugu. Baten bati mina eragin aurretik, hamar bider pentsatu behar da. Ez zuten Alexandruren bizitza bakarrik izorratu. Amarena, aitarena, anaiarena, osaba-izebena... mundu guztiarena izorratu dute.