Iker Unzueta Amorebieta futbol taldera itzuli da

Anboto 2024ko urt. 18a, 12:22

Iker Unzueta Amorebietarekin jokatutako partidu batean. (Argazkia: SD Amorebieta)

Portugalgo Vizela taldeak utzita jokatuko du Zornotzako futbol klubean.

Iker Unzueta Arregi (Abadiño, 1998) aurrelaria Amorebieta futbol klubera itzuli da. 2020/21 eta 2021/22 denboraldietan 55 partidu jokatu zituen bertan eta zortzi gol sartu zituen.Berak nahiz klubeko denek betirako gogoan izango dituzten denboraldiak izan ziren: lehenengoan Bigarren Mailarako igoera ospatu zuen eta ondoren bere ibilbidean lehenengoz jokatu zuen maila horretan.

Etapa horren ostean, Lehenengo Federazio Mailako SD Logroñesen eman zuen urtebete. 37 partidutan 13 gol sartu zituen. Errendimendu horri esker Portugalgo lehenengo mailan dabilen Vizela taldeak fitxatu zuen iazko udan eta orain talde hark utzita etorri da Amorebietara, klubak ohar batean jakinarazi duenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!