Mari Carmen Montoya hil da, 40 bat urtez Zornotzako Xake Klubeko presidente izandakoa

Anboto 2024ko urt. 9a, 10:14

Mari Carmen Montoya 2015ean, Zornotzako jaietako txupinazoa bota zuen urtean.

2015ean Zornotzako jaietako txupinazoa bota zuen.

Zornotza Xake Klubeko presidentea zen Mari Carmen Montoya hil zen atzo, 98 urte zituela. 40 bat urte eman zituen karguan eta bere ekimenari eta lanari esker, belaunaldi askotako gazteek xakean aritzeko aukera izan dute Zornotzan.

2015ean Zornotza Xake Klubari egokitu zitzaion jaietako txupinazoa botatzea, eta haren ordezkari nagusi moduan, Montoya igo zen udaletxeko balkoira pregoia irakurri eta txupina piztera. Orduan ANBOTOri eskainitako elkarrizketan xakera zelan zaletu zen kontatu zuen. 1940ko hamarkadan izan zen. Farmazia ikasketak egin zituen Santiago de Compostelan [Galizia] eta hango komentu batean bizi zen. Bera zen Galiziatik kanpokoa zen pertsona bakarra komentuan. Xakea gustatzen zitzaion moja bat zegoen eta harekin jokatzen zuen. "Bakardadeari aurre egiteko modua izan zen. Nire aitari ere gustatzen zitzaion xakea, eta jokatzen zuen, baina batez ere Galiziako urte haietan zaletu nintzen xakera, eta harrezkero mantendu egin dut", kontatu zuen.

Behin Zornotzara bizitzen etorrita zaletasunari eutsi zion eta klubeko aurreko presidenteak, Agustin Zamakonak, kargua utzi zuenean Montoyari eskatu zion erreleboa hartzeko. "Urtebeterako edo birako" izango zela uste zuen eta "laster" ordezkatuko zutela, baina ez, ia lau hamarkada iraungo zuen bidearen hasieran zegoen. "Poz handiz" eraman duen zama izan dela azaldu eta taldeko kideen laguntza eskertu zuen. "Jende zoragarria dago taldean".

Azken aldian, klubeko ohorezko presidentea izan da. Orain, Montoyaren biloba den Jon Asel Goiria da klubeko presidentea.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!