Zornotzako jaiak 2015

Mari Carmen Montoya: "Urtebeterako kargua izango zuela uste nuen, eta 34 urte daramatzat presidente"

Anboto 2015ko uzt. 14a, 09:29

Aurten, Zornotzako jaietako txupinazioa jaurtitzeko eta pregoia irakurtzeko ohorea Zornotza Xake Taldeari dagokio. Bihar, Karmen egunaren bezperan, izango da hori, arratsaldeko 20:00etan. Taldearen izenean Mari Carmen Montoya presidenteak izango du horretarako ardura. Montoyak 30 urtetik gora daramatza xake taldeko presindete karguan. 90 urtegaz errelebo eske dabilela onartu du, baina kargua ez zaio astuna egiten, asko laguntzen diotelako, eta gustura dabilela ere onartu du. 


Hiru hamarkadatik gora daramatzazu presidente karguan. Oraindik luzerako?
Egia esanda, lanik sakonena taldeko gainontzeko kideek egiten dute, eta asko errazten dute nirea. Horrela, edonor izan daiteke betiko presidente. Jende zoragarria dago taldean. Hainbeste urtean sekula ez dugu berba bat bestearen gainetik egin. Hasieran, kargua hartu nuenean, zama bat iruditzen zitzaidan, nik nire farmazia nuelako, baina onartu behar dut ez zaidala bat ere astuna egin. Poz handiz eraman dut. Noiz arte jarraituko dudan? Eurek gura duten arte. Sarritan eskatu dut ordezkatu nazatela, baina ez didate uzten. Nigaz gustura daudela esan, eta jarraitzeko eskatu izan didate.

Nondik datorkizu xakearekiko zaletasuna?
1940ko hamarkadaren amaieran Farmazia ikasketak egin nituen Santiago de Compostelan [Galizia]. Ni hango komentu batean bizi nintzen. Gerraostea zen, eta krisia zegoen. Gaur egun baino oraindino baliabide gutxiago zeuden. Gainera, komentuko nire lagun guztiak galiziarrak ziren. Ni nintzen kanpotik joandako bakarra. Beraz, arratsaldeak komentuan ematen nituen. Xakea gustatzen zitzaion moja bat zegoen, eta nik haregaz jokatzen nuen. Bakardadeari aurre egiteko modua izan zen. Nire aitari ere gustatzen zitzaion xakea, eta jokatzen zuen, baina batez ere Galiziako urte haietan zaletu nintzen xakera, eta harrezkero mantendu egin dut.

Hona bueltatu zinenean zalatasunagaz jarraitu zenuen?
Bai. Zornotza Xake Taldeak presidente bi bakarrik izan ditu sortu zenetik hona. Lehenengoa Agustin Zamakona izan zen, eta neure aitagaz jokatu ohi zuen xakean. Nik, bitartean, xakean jokatzen jarraitzen nuen. Berak presidente izateari utzi zionean, niri eskatu zidan kargua hartzeko. Nik urtebeterako edo birako izango zela uste nuen, laster ordezkatuko nindutela, eta konturatu orduko 34 urte daramatzat presidente. Antza, ez dago xake taldea uzteko modurik [barrez].

Zelan dago xakearekiko afizioa Zornotzan?
Batzeko toki finko bat dugu, taldeko jendea ikastetxeetara joaten da xakea zabaltzera, eta nik esango nuke herrian badagoela zaletasuna. Euska Herriko Txapelketa Zornotzan antolatzen dugu urtero. Aurten hamargarren aldia izan du. Euskal Herriko xakelaririk onenak Zornotzan batzen dira, eta hori ere garrantzitsua da.

Txupinazo egunean pregoia irakurtzea ere egokitu zaizu. Zer prestatu duzu?
Ez iezadazu aipatu ere egin! Ni horrelako ekitaldietan urduri jartzen naiz, eta ez nuen nahi, baina ni izan behar nintzela ekin eta ekin ibili zitzaizkidan. Alabak lagundu dit pregoia prestatzen. Irakurri egingo dut, eta horrela lasaiago nago. Euskaraz ere izango da zati bat; nire euskaran, jakina, etxekoan.

Aitak xakean jokatzen zuen eta zuk ere bai. Seme-alabek jarraitu dute tradizioagaz?
Nire seme batek xakean jokatu izan du, eta orain biloba bat dabil Zornotzako taldean. Xake leinuak aurrera jarraitzen du [barrez]. Familian zaletasunak aurrera jarraitzen duela ikusteak asko pozten nau.

Valentziatik etorri den eta Zornotzan xakean dabilen emakume bat duzue taldean: Angels Cucarella.
Lehen aldiz jokatzen ikusi nuenean ilusio itzela egin zidan. Baina, jakina, hain egoten dira kontzentratuta euren jokoan, ez nintzen ausartu beragaz berba egitera. Lasai utzi nuen, partidan murgilduta zegoelako. Baina, egia esanda, ez dut ezagutzen, eta gogo handia dut beragaz egoteko eta berbaldi bat izateko.

Zornotzako jaiak gustatzen zaizkizu?
Ez naiz oso jaizalea. Beti esan ohi dut gehiago naizela Beethoven zalea. Opera eta kontzertuak  asko gustatzen zaizkit. Euskalduna jauregira joaten naiz neure semeagaz.

Gurago duzu kontzertu bat lasaitasunez gozatu jaietako saltsan murgildu beharrean.
Ni bizi naizen ingurua jaien erdigunea da, eta zalaparta handia egoten da sarritan. Beraz, Goitondorantzako bidean dagoen errota ingurura joaten naiz paseatzera. Han toki lasaiagoak daude.

 

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!