Jandro Castrok Haritz mugika ordezkatuko du Amorebietaren aulkian. Urdinen entrenatzaile berria Villarreal C taldetik dator eta denboraldi bukaerara arteko kontratua sinatu du. Futbol jokalari lez ibilbide luzea izan du eta Valencia, Celta, Albacete, Alaves, Gimnastic de Tarragona, Elche edo Girona bezalako taldeen koloreak defendatu ditu. 400 partida inguru jokatu ditu estatuko futboleko bi maila gorenetan.
Gaur prentsaurrekoa eskaini du Castrok, Jon Larrea klubeko presidentea eta Asier Goiria kirol zuzendaria ondoan zituela. Erronkari aurre egiteko gogotsu dagoela adierazi. "Ez dut beldurrik edo antzerakorik. Gogotsu dagoen talde bat aurkitu dut eta konbentzituta nago egoera honetatik irtengo garena".
Ez dator joko sistema zehatz bat ezartzeko asmoagaz. "Egoerara moldatu ohi naiz. Badut ideia bat eta horregaz jokatzea gustatuko litzaidake, baina kontuan hartu behar da egoera zein den eta taldea non dagoen [azken aurreko tokian]. Inportanteena jokalaria konbentzitzea da. Egiten duguna talderako onena dela sinesteraztea. Ondo defendatu behar dugu eta atea hutsean mantentzen saiatu. Ondoren, baloia dugunean jabetzari eusten eta ondo jokatzen saiatu behar gara. Partiduz partidu joango gara", adierazi du.