Haritz Mujikak ez du Amorebieta futbol klubeko entrenatzaile jarraituko

Anboto 2023ko abe. 11a, 16:04

Haritz Mujika Amorebietaren partidu batean. (Argazkia: SD Amorebieta)

Taldearen norabidea "zuzendu" nahian hartu dute erabaki "mingarria".

Valladoliden kontrako asteburuko porrota (2-1) Haritz Mujikaren azken neurketa izan da Amorebietako entrenatzaile moduan. Klubak bere kargutik kendu du gaur. Sailkapeneko egoerak —Bigarren Mailan azken aurreko dago taldea— eraman ditu erabaki "mingarria" hartzera. "Taldearen ligako norabidea zuzentzen lagunduko duela sinetsita hartu dugu erabakia", azaldu dute klubetik ohar batean.

Haritz Mujikak Bigarren Mailarako igoera historiko bi lortu ditu Amorebietagaz: lehenengoa, 2020-21 denboraldian, bigarren entrenatzaile zela; bigarrena,  iazko denboraldian, lehenengo entrenatzaile moduan. "Eskerrak eman gura dizkiogu bere profesionaltasunagaitik eta dedikazioagaitik. Aurrerantzean arrakastarik handiena opa diogu arlo profesionalean nahiz pertsonalean".

Mujikaren ordezkoa hurrengo orduetan jakinaraztea espero dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!