Aranzadi Zientzia Elkarteak gerra zibileko 15 gudariren gorpuzkiak topatu ditu Zornotzako hilerrian. Hilerriko atetik sartu eta eskumatara dagoen zelai karratu batean topatu ditu. Gerra zibiletik hona inor lurperatu ez den eremuan. Milizianoen gorpuak hiru hobi komunetan antolatuta topatu dituzte, eta litekeena da bakoitzak jatorri desberdina izatea. Lourdes Herrasti da desobiraketa zuzentzen dabilen Aranzadiko kideetako bat, eta berak zehaztu duenez, litekeena da gudariak Zornotza inguruko mendi eta gudu zelaietatik, eta herrian gerra garaian zegoen odol-ospitale militarretik ekarritakoak izatea. Edozelan ere, 1937ko gorpuak direla zehaztu du, urte hartako apiril eta maiatz inguruan borroka ugari egon zelako Zornotzan.
Ospitaletik eta menditik
Momentuz, gizonezkoenak dira topatu dituzten gorpu guztiak. “Hobi komunetako batean topatu ditugun gorpuek arropa gutxi dute, eta haietako batek hankan anputazio bat duela ikusi dugu. Horrekin, ondorioztatu dezakegu multzo horretako gorpuak ospitaletik ekarririkoak direla”, azaldu du Herrastik. “Beste multzo bateko gorpuek arropa dute, botak dituzte, uniformeetako txapak topatu ditugu. Ondorioz, borrokan hil eta hona ekarri zituztela pentsa dezakegu. Gainera, garai hartako herritarren lekukotasunek hori diote. Gudarien gorpuak kamioietan ekarri zituztela hona”, gaineratu du.
Esan bezala, eguerdi honetara arte 15 gorpu topatu dituzte, baina Herrastik aurreratu du kopurua 20 edo 25era ailegatu daitekeela datozen egunetan. Izan ere, aurreikuspenen arabera, Aranzadiko kideak domekara arte egongo dira Zornotzako desobiratze lanak egiten. Herrastik aitortu du "esperotakoa baino gorpu gehiago" topatu dituztela.
DNA, plakak eta identifikazioak
Aurkikuntzaren garrantzia azpimarragarria da, orain arte hipotesia eta susmoa zena baieztatu delako. Eta garrantzitsua da, aurkikuntzagaz baieztatu egin direlako Zornotzako herritarrek garai hartakoei buruz eman izan dituzten testigantzak. Datozen egunetan desobiraketekin jarraituko dute, baina aurrerantzean ikerketaren beste atal inportante bat ipiniko dute martxan: gorpuak identifikatu, familiako kideekin hartu emanetan ipini eta gorpuzkiak duintasunez bueltatzeko bidea. Hori dela eta, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak DNA lagin bat ematera deitu ditu desagerturikoen familietako kideak. Lagin hori Gogora institutuaren bidez egin dezakete, balizko identifikazioak bideratzeko: "Espero dugu hemendik aurrera identifikatu ahal izango ditugula eta beren familiei itzuliko dizkiegula. Horregatik, beren senitartekoa Zornotzan edo inguruko mendietan hil zela sumatzen duten familia guztiei dei egiten diet beren lagin genetikoa Gogora Institutuari eman diezaioten", adierazi du sailburuak.
Maiatzetik honako bidea
Ikerketa honen guztiaren abiapuntua maiatzean dago. Hilabete hartako hasieran, Aranzadik "hiruzpalau gudarirenak" izan zitezkeen gorpuak topatu zituen. Gaurko aurkikuntza honi dagokion indusketa, berriz, abenduaren 3an hasi zuten. Lan taldeak egun hartan eraman zituen ikerketarako beharrezko tresnak eta erramintak Zornotzako hilerrira. Ordutik hona, zientzia elkarteko kideak buru-belarri ibili dira desobiratze lanekin. Tartean, Paco Etxeberria antropologo eta auzitegi medikua. Gorpuekin batera gudarien plaka militar bi topatu dituzte, identifikazio lanetarako baliagarriak izango direnak.