#0km

“Oso esker oneko nago denekin, argi dut aurrerantzean ere elkar ikusten jarraituko dugula”

Ekaitz Herrera 2023ko aza. 17a, 12:00

Erretiroa hartuta, Jesus Cañasek bizikleta denda zarratuko du arratsalde honetan bertan. Herritarrak eskertzeko asmoz, mokaduak eta edaria eskainiko ditu, 19:30ean. 

Jesus Cañasek ondo gogoan du denda zabaldu zuen eguna. Euskal Herriko Itzuliko erlojupekoa Zallan (Bizkaia) jokatu zen eguna. 2009ko apirila zen. Orain, hamalau urteko ibilbidearen ondoren, Zornotzan bizikletak erosteko zein konpontzeko geratzen zen denda bakarraren arduradunak jubilazioa hartuko du.

Denda zarratu eta erretiroa hartuko duzu. Zelan zaude?
Kariño eta maitasun handiz gidatu dugun negozioa da, eta, horrenbestez, beti kostatzen da denda behin betiko itxiko duzula barneratzea. Azken urte eta erdian, negozioari jarraipen bat emateko erreleboa topatzen ahalegindu naiz, baina ez da posible izan. Prest nengoen interesa zuenari hemengo jarduna irakasteko, kontaktuak pasatzeko, hemengo martxa erakusteko, baina ez da inor animatu. Pena bat da, herrian ez delako honelako dendarik geratuko.

Pena ematen du erreleboa ez izateak.
Bai, pena handia ematen dit. Frantziako Tourra hemendik hasi zenean, dendako hornitzaile eta markekin komentatu nuen hau guzti hau. Haiekin egon, eta gauza bera komentatzen nien, pena nuela. Dena dela, oso pertsona hiperaktiboa naiz, eta badakit aurrerantzean ez naizela aspertuko. Ingeniaria naiz izatez, automozioari loturiko enpresetan lan egin nuen, eta, txirrindularitza gustuko nuenez, negozio hau martxan ipintzea pentsatu nuen. Autonomo egitea erabaki nuen.

Noiz zabaldu zenuen Bicis Cañas denda?
2009ko apirila zen, Euskal Herriko Itzuliko erlojupekoa Zallan jokatu zen eguna. Egun hartan zabaldu nuen denda. Jai txiki bat egin genuen. Roberto Laiseka eta Iban Mayo txirrindulariak, adibidez, hemen izan ziren.

Itxieragaz batera, bizikletak erosteko edo konpontzeko dendarik barik geratuko da Zornotza.
Bai, garai batean halako hiru denda zeuden herrian. Eta txirrindulariei ez ezik, patinetea dutenei edo gurpildun aulkia dutenei ere eman izan diet zerbitzua. Adinekoen egoitza denda aurrean dago, eta bertako erabiltzaileentzat oso erosoa izan da zerbitzu hau. Hona etorri eta behar zutenean laguntzen nien, gurpilekin-eta. Haur-kotxeekin ere, berdin. Azken finean, herri batean zerbitzu hori ere eman behar duzu.

Zer eman dizu dendak?
Momentu on ugari. Estuasunak ere bai, hasierako urteetan, batez ere. Baina momentu onak gehiago izan dira. Azken urteak, adibidez, oso onak izan dira. Eta ekonomikoki ere, onak izan dira. Horrez gainera, Bilbo-Bilbo proban edo Orbeak antolatzen duen Monegroetako proban ibiltzen naiz mekanikari. Laguntza teknikoa eskaintzen dut.

Zer esan gura diezu herrikideei, bezeroei?
Zornotzako herritarretatik aparte, Arratiako, Durangoko, Gernikako, Markinako, Ondarroako eta Berriatuako bezeroak izan ditut. Ez dut berbarik. Oso eskertuta nago, denagaitik. Denda zarratu arren, argi dut aurrerantzean ere elkar ikusten jarraituko dugula. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!