Azaroak 25

[EGITARAUA]: Zornotzako emakumeen testigantzekin oinarrituriko dokumentala, Azaroaren 25eko aldarrikapenetan

Ekaitz Herrera 2023ko aza. 16a, 09:50

Zornotzako Udalak egitaraua kaleratu du Emakumeenganako Bortizkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren harira. '11 emakume, 11 istorio' dokumentala Zornotza Aretoan aurkeztuko dute azaroaren 25ean, 20:00etan.

Ainhoa Salterain alkateak eta Jon Artabe Gizarte Ekintza eta Berdintasun zinegotziak eman dute Azaroaren 25eko aldarrikapenen harira prestatu dutenaren berri. Berbaldiak, zinekluba, ipuin kontalariak eta umeei begirako jolasak batu dituzte egitarauan. Salterainek berretsi egin du udalak indarkeria matxistari aurre egiteko duen "konpromiso nekaezina". Udalarentzat "etengabeko lehentasuna" dela gaineratu du, eta dei egin du mugimendu feministak antolatuko dituen mobilizazioetan parte hartzera. Bestalde, Jon Artabek Zornotzako emakumeen ikuspegitik kontatutako dokumentala azpimarratu du egitarauan. Ikus-entzunezkoaren proiekziora joatera eta "herriko historia emakumeen ikuspegitik" ezagutzera deitu du. Emanaldia Zornotza Aretoan izango da azaroaren 25ean bertan, 20:00. Sarrerak Zornotza Aretoaren web atarian daude eskuragarri. 

EGITARAUA

Azaroak 21

  • 20:00 Zinekluba Zornotza Aretoan. Elena Martin Gimenoren "Creatura" filmea. 

Azaroak 23

  • 18:00 Berbaldia: "Nola hitz egin gure seme-alabekin sexualitateari buruz". 18:00etan Zelaieta zentroan. (Ez da aurretiaz lekurik erreserbatu beharko)

Azaroak 24

  • Emakumeen Indarkeriaren kontrako murala eta Emakumeen Memory jolasa ludotekan
  • Imanen tailerra (Txapak) Gazte Txokoan

Azaroak 25

  • 12:00 Adierazpen instituzionala udal plazan.
  • 20:00 '11 emakume, 11 istorio' dokumentalaren emanaldia Zornotza Aretoan. Zornotzako emakumeei buruzko dokumentala. 
  • Liburutegian, Mireia Delgado ipuin kontalaria: "Nire izena, zure izena, gure izena. Nire ahotsa, zure ahotsa, gure ahotsa". Izena emateko Gazte Informazio Bulegora jo behar da.
  • Indarkeriaren kontrako eskulana eta emakumeen memory jolasa Gazte Txoko eta Gauero programetan.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!