#0km

Zornotzako Cañas bizikleta dendak ateak zarratuko ditu eguenean

Ekaitz Herrera 2023ko aza. 14a, 13:56

Erretiroa hartzeagaz batera, Jesus Cañas dendariak amaiera emango dio 2009tik hona Zornotzako eta inguruetako herritar ugarirentzat erreferentziala izandako dendari. Barikuan jai txiki batekin ospatuko du agurra. 

Bizikletak konpontzeko zein erosteko tokia. Gomendioak eskatzeko eta kontsultak egiteko tokia. Eta, orokorrean, behar duenari laguntzeko tokia. Izan txirrindularien beharrizanak ala izan gurpildun aulkiak erabiltzen dituzten herritarren beharrizanak, Jesus Cañas dendariak argi izan du beti herritarrak laguntzeko egin duela lan. Iragarri du, baina, amaiera data. Eguen honetan zabalduko ditu azkenengoz dendako ateak, eta barikuan, jai txiki bat eginda ospatuko du agurra. "Aitortza, esker ona, adierazi gura diet herrikideei", esan du. Horretarako pintxo ugari enkargatu du inguruko tabernetan. Barra txiki bat ipinita, afari merienda egingo du dendan bertan, 19:30etatik 22:30etara. 

Cañas dendaren itxieragaz, Zornotza bizikletak erosteko eta konpontzeko dendarik barik geratuko da aurrerantzean. Halantxik dio Jesus Cañasek berak: "Sasoi batean hiru bizikleta denda zeuden herrian, orain, bakarra, hauxe. Eta eguenean emango diot bukaera". Hori bai, argi dauka etorriko dena: "Denda zarratuko dut, bai. Baina elkar ikusten jarraituko dugu", esan du dendariak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!