Antzerki ibiltaria Bizkargitik hastekoa zuten, baina eguraldia zela eta, Autzaganen errepresentatu zituzten antzerkiaren lehen bi zatiak. Kristina Mardarasek eman zion hasiera kontakizunari, Amurizaren Bizitza bat oroimenean liburua oinarri hartuta. Hamar bat minutuko narrazioa egin eta berehala, antzezleak Amurizaren haurtzaroko pasarteak errepresentatzen hasi ziren. Ordutik aurrerako narratzaile lanak Andoni Larreak egin zituen: Autzaganen bertan giroturikoak eta Etxanoko elizan giroturikoak. Justo Alberdik kontatu duenez, omenaldian parte hartu zutenek "gustora" jarri zuten aletxoa. "Denak irten zuen ondo. Xabier [Amuriza] bera ere pozik zegoela igarri genuen", azaldu du Alberdik. Zapatuko omenaldia iruditan hartu dute antolatzaileek. Ikus-entzunezko bat kaleratu gura dute omenaldia betikotzeko.