Beti da berezia omenaldi batek sortzen duen hunkidura. Baina baliteke zapatuan Zornotzan sentituko denak ohikoa baino hunkidura handiagoa sorraraztea. Eta ez da harritzekoa, egunero ez delako euskal kulturari ekarpen eztabaidaezina egin dion herrikide maitatu bat omentzeko aukera suertatzen. Zornotzarrek, etxanotarrek, argi dute. Xabier Amurizak merezi du hainbeste maitasun. Hori dela eta, Etxanoko Euskal Herriko Doinuen aurtengo egitarauan, auzolanean antolaturiko omenaldia egingo diote Amuriza herrikideari. Eskurik esku, bakoitzak bere aletxoa ipinita. Izan ibilaldi antzeztuan antzezle lanetan ibilita, izan koordinazio lanetan batetik bestera ibilita, ala izan gauean egingo duten ikuskizuna gidatuta.
Olaia Hormaetxe Kobeaga etxanotarra eta Asier Bilbao Rui Wamba zornotzarra dira ekitaldia antolatzen dabiltzan kideetariko batzuk. Halantxik azaldu dute omenaldiaren sortze prozesua: “Zornotzako euskalgintzan orokorrean, eta Andra Mari ikastolaren bueltako euskalgintzan, hainbat pertsona batzen gara. Orain dela zortzi hilabete, taldeko bati Xabier Amuriza omentzeko ideia etorri zitzaion burura. Arlo asko jorratu dituen pertsona da, eta, gure iritziz, ez du sekula omenaldi edo aitortza berezirik jaso. Ikusten genuen zerbait egin behar geniola, batez ere herritik bertatik sorturiko zerbait jaso behar zuela. Etxanoko auzo elkarteko kideek proposamen horri heldu, eta omenaldia Euskal Herriko Doinuen egitarauan egitea proposatu zuten. Eta halantxik, hasieran xumea izango zen aitortza biderkatzea lortu dute”, azaldu du Bilbaok. Olaia Hormaetxe ere iritzi berekoa da, eta azpimarratu egin du omenaldia prestatzeko lanketan Etxanoko eta inguruetako bizilagunek izan duten prestutasuna. "Amurizaren bizitza errekreatuko duen ibilbidea herriko jendeak antzeztuko du. Etxanoko eta inguruko 60 bat bizilagun gabiltza horretan. Jendeak ikusi du merezi duela, egin behar dela. Zerbait zoragarria izan da. Jendearen atea jo dugunean denek esan digute baietz, omenaldian parte hartu gura dutela. Inork ere ez digu ezezkorik eman. Antzezlana Larraitz Garcia aktore zornotzarra dabil gidatzen", azaldu du Hormaetxek. Antzezleen artean, hona izen batzuk: Epaltza auzoko Jesus Mari Etxebarriak bere aita propioaren rola jokatuko du. Oromiñoko Justo Alberdik Lucioren papera jokatuko du, Xabier Amurizaren aitaren papera, eta Kristina Mardarasek narratzaile lanak egingo ditu antzezlanean zehar. Etxanoko Juan Luis Hormaetxek beharrezko laguntza eskainiko du atrezzoa edo objektuak eskuragarri ipintzeko.
Omenaldia egiteko arrazoiak ere sobera daudela erakutsi dute zornotzarrek: "Amurizak eginiko ekarpen mota bat begi bistakoa da. Horien artean dago bertso eskoletako lana, doinu berriak sortu izana, txapelketetako ibilbidea, eta literaturan, herrigintzan eta politikan eginiko ekarpena. Baina gero badago beste alde bat, beharbada hainbeste igartzen ez dena, eta guk jendeagaz batuta ikusi duguna. Amurizak dimentsio humano handia dauka. Batzuetan pertsonaiaren izen larriekin, maiuskulekin, geratzen zara, baina pertsonaia horren atzean pertsona dago. Eta Amuriza, emozionalki, asko sartzen da herritarren barruan", azaldu du Bilbaok.
Ekitaldi nagusiak
Ibilbide antzeztua egiteko, Xabier Amurizak berak idatziriko Bizitza bat oroimenean liburua izango dute oinarri. 9:30ean hasita, Etxanoko eta inguruetako bizilagunek Amurizaren beraren bizipenak antzeztuko dituzte Bizkargi, Autzagane eta Etxanoko eliza zeharkatuta. Eta 21:30etan ikuskizuna egingo dute, Zelaietako frontoian. Omenaldi horretan euskal kulturgintzako hainbat pertsona ezagunek parte hartuko dute. Anje Duhalde, Jon Maia, Asisko Urmeneta, Mikel Urdangarin, Tapia eta Leturia, Natxo De Felipe, Agus Barandiaran, Josu Zabala, Iban Ibarretxe eta herriko musikariak egongo dira.