Amorebietak etxean duen sendotasunari eutsi gura dio Eibarren kontrako derbian

Anboto 2023ko urr. 7a, 09:00

Amorebieta Futbol Taldea (@SDAmorebieta).

Zornotzarrek ez dute partidurik galdu Lezaman.

Futboleko Bigarren Mailako (Hypermotion Liga) euskal talde biek, Amorebietak eta Eibarrek, derbia jokatuko dute domekan, 14:00etan, Lezaman. Orain urte bi jokatu zutena baino norgehiagoka koloretsuagoa izango da. Izan ere, orduan harmailetako edukiera mugatuta zegoen pandemia zela eta. Oraingo honetan ez dago murrizketarik eta giro ederra espero da harmailetan.

Amorebietak etxeko sendotasunari eutsi gura dio. Lezaman jokatu dituen lau partiduetatik ez du bat ere galdu: garaipen bi eta berdinketa bi. Hala ere, sailkapenaren beheko aldean dago etxetik kanpora lortutako emaitza eskasengatik: lau porrot eta berdinketa bat. Eibarrek pattal hasi zuen denboraldia, baina azken jardunaldietan piztu egin da eta gorantz egin du sailkapenean.

Eskualdeko taldeak

Beheragoko kategoriei erreparatuz, denetarik aurkitu daiteke gizonen eta emakumeen ligetan.Gizonekin jarraituz, Durangoko Kulturalak oraindik ez dio neurria hartu Hirugarren Mailako denboraldiari. Lau partidutik bat irabazita, hamaikagarren dago sailkapenean, justu asteburu honetako aurkariaren atzetik: Urduliz. Zapatu arratsaldean Urdulizen jokatuko dute elkarren kontrako partidua.

Emakumeen Euskal Ligan, Elorriok indartsu hasi du denboraldia. Lau jardunalditan ez du galdu: bina garaipen eta berdinketa. Kostako zaie iazko denboraldia berdintzea (Euskal Kopa irabazi zuen, besteak beste), baina momentuz onenen artean dabiltza.

Gizonekin jarraituz, Bizkaia mailako ligak hasiberriak dira. Ohorezko Mailan, Iurretakok porrot eta berdinketa banarekin hasi du denboraldia, bere hurrengo aurkaria den Somorrostrok lez. Gaur arratsaldean elkarren kontra jokatuko dute, Muskizen.

Lehentasunezko Mailan Abadiñok txukun hasi du denboraldia garaipen eta berdinketa banarekin. Elorriok eta Zalduak, berriz, oraindik ez dute irabazi eta sailkapeneko behealdean daude. Abadiñok eta Zalduak etxean jokatuko dute gaur arratsaldean Otxarkoaga eta Basconia Bren aurka, hurrenez hurren. Elorriok Gordexola taldearen zelaia bisitatuko du.

Lehenengo Mailan, Amorebieta B lider dago jokatutako biak irabazita. Ezkurdik ere txukun hasi du denboraldia, garaipen batekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!