Gudari kalea bizilagunei, komertzioei eta alderdiei "jakinarazi barik" zarratu dela kritikatu du EH Bilduk

Anboto 2023ko uzt. 21a, 10:26

Koalizio subiranistaren berbetan, gobernu taldeak "ezustean eta alde bakarrez" hartu du erabakia, "oposizioko alderdiei, udal teknikariei, kale horretako bizilagunei eta dendariei" abisatu barik.

Zornotzako Udalak Gudari kalearen gorengo zatia zarratzeko erabakia hartu duela eta, kritiko agertu da EH Bildu. Erabakiaren berri hedabideen bidez jaso dutela esan dute, eta gaineratu dute neurria "oposizioko alderdiei, udal teknikariei, kale horretako bizilagunei eta dendariei abisatu barik" hartu dela, "ezustean eta alde bakarrez". Jakinarazpenik egin ez izana "larria" dela iritzi dio EH Bilduk.

"Trafiko gutxiko errepidea da, baina bertako dendari eta bizilagunek haien komertzio eta etxebizitzetara ibilgailuz heltzeko duten bide bakarra da. Hori horrela, Zornotzako EH Bilduk uste du erabat desegokia dela neurri hori indarrean jarri izana, aurrez udal teknikariekin eta udaletxean ordezkaritza dugun gainerako alderdiekin aukera hori aztertu gabe", esan dute hedabideetara bidalitako oharrean. EAJk lgealdia "herritarrei informazioa ezkutatuta" hasi duela kritikatu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!