Zornotzako jaiak 2023

Mugimendu Feministak jaurtiriko txupinazoagaz hiru asteko jaiak hasiko dituzte zapatuan Zornotzan

Anboto 2023ko uzt. 14a, 10:00

Jaiak ate joka dituzte Zornotzan. Plaza bete jende batuko da bihar, 20:00etan txupinazoa ikusteko. Aurten, Mugimendu Feministako kideek izango dute txupinazoa jaurtitzeko ohorea.

Zornotzako Talde Feminista, Martxoak 8 plataforma, Suhaziak mugimenduko neska gazteak eta Akelarre aniztasunaren aldeko plataforma udaletxeko balkoian izango dira jaiei hasiera emango dien ekitaldian. Pregoilariek joan zen asteko elkarrizketan esan zutenez, pregoian ez da faltako 'askatasun' berba. "Beldurrak auzoz aldatu behar duelako, kaleak eta jaiak gureak direlako", esan zuten. Behin txupinazoa botata, aste biko jai egitaraua ipiniko dute martxan. Zorhontzaren kalejira udaletxe paretik irtengo da, bidelagun ezin hobeekin: Bergarako BET, Bermeoko KIETB, Txantreako eta Zornotzako Udazken Barria, eta Etxanoko erraldoi eta buruhandien konpartsak, Udazken txistulariak eta gaiteroak, Zornotzako Musika Banda eta Triki Piu.

Musika eskaintza oparoa
Zornotzako jaietako musika eskaintza hiriburu batzuetakoen mailan dagoela esatea ez da larregi esatea. Zapatuan Zetak eta Akerbeltzen erromeria izango dira Zubiondo plazan, eta En Esenzia orkestra Zelaieta parkean. Domekan, uztailak 16, Delirium Tremensen txanda izango da. Datorren asteko barikuan, uztailak 21, La Furia eta Rebeca Lane taldeek kontzertua emango dute Zubiondo plazan. Uztailaren 23an Kalakan, 24an Puro Relajoren rantxerak, 25ean Kai Nakai, eta 26an Olatz Salvador izango dira. Eta egitaraua borobiltzeko, uztailaren 27an 90eko hamarkadako jai berezia egingo dute Zornotzan, Obk, Rebeca, Chimo Bayo eta Fernandisco taldeekin. Zubiondo plazan izango dela iragarri dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!