Denboraldia amaitzear dagoen honetan, klubak esker ona adierazi gura izan dio bere babesle nagusia den Sidenor enpresari gaur Urritxe futbol zelaian egindako ekitaldi batean. Sidenorreko presidente Jose Antonio Jainagak kluba zoriondu eta Sinedorrek hurrengo denboraldian ere babesle izaten jarraituko duela aurreratu du. Jon Larrea klubeko presidenteak eskerrak eman dizkio euren bidelagun jarraitzeagaitik.
Entrenamendua amaitzean, jokalariak han batutako hedabideen zerbitzura jarri dira. Amorebietan eskualdeko hiru jokalari egon dira aurten: Xabi Etxeita zornotzarra, Ewan Urain durangarra eta Gorka Iturraspe abadiñarra. Azken horrekin egoteko aukera izan du ANBOTOk.
Arlo pertsonalean denboraldi "gatxa" izan Iturrasperentzat. Denboraldi hasieran lesionatuta heldu zen klubera eta, ondoren, beste "lesio txiki bi" izan ditu. Horrek guztiak, jarraitutasuna izatea eragotzi dio. Hala ere, igoeragaz eta taldeko giroarekin "ikaragarri" gozatu duela dio. "Zornotza nire bigarren etxea da. Abadiñarra naiz, baina Zornotzako familia dut eta Amorebietagaz igoera lortu izanak ilusio itzela egiten dit".
Datorren urtean Amorebietan jarraituko ote du? Hona erdilari abadiñarraren erantzuna: "Ez dakit, baina gatx ikusten dut, egia esanda. Errealista izan behar da. Baina, tira, urte oso polit bat bizi izan dut Amorebietagaz eta horregaz geratzen naiz".
Txapeldunen kanporaketa
Amorebietako jokalariek merezi moduan ospatu dute igoera, baina denboraldia ez da oraindik amaitu. Azken kanporaketa bat falta zaie: Lehenengo Federazio Mailan dauden multzo bietako multzoburuek elkarren kontra jokatuko dutena. Kanporaketa honetatik irtengo da mailako txapelduna.
Amorebietak Racing de Ferrol izango du kontrario. Joaneko partidua zapatu honetan —ekainak 3—, 18:00etan jokatuko dute Urritxe futbol zelaian.
Lezamara buelta
Gaurko ekitaldian ez dute etorkizunari buruzko argibide askorik eman. Argi dagoena da Bigarren Mailan ezingo dutela Urritxe zelaian jokatu, oraindik ez dituelako federazioaren eskakizunak betetzen. Proiektua eginda dago, baina oraindik gauzatu barik. Beraz, seguruenik, Lezaman jokatuko dituzte etxeko partiduak, orain denboraldi bi lez. Jon Larrea klubeko presidenteak azaldu du Athletic-ekin hartuemanetan jarri direla asmoa bideratzeko.
Jon Larrea eta Jose Antonio Jainaga gaur Urritxe futbol zelaian.