Balear Uharteetan urtebete eman zenuen lehenengo, eta Madrilen beste bi ondoren. Amorebietara etortzea etxera bueltatzearen modukoa da?
Bai, hori argi dago. Etxean nago, senideekin eta lagunekin. Iaz txarto pasatu nuen lesioekin, eta etxera etortzea, ondo sendatzea eta nire ingurukoen berotasuna sentitzea behar nuen. Egunerokotasuna desberdina da. Ez zaude eguneko 24 orduetan futbolari buruz pentsatzen, eta deskonektatzen laguntzen dizu.
Zer lesio izan zenuen?
Abduktorean lesio larri bat izan nuen. Gero, berriro leku berean nuen mina. Kostatu zitzaidan lehengora bueltatzea, eta oraindino errekuperatzen nabil.
23 bat urtegaz irten zenuen Athleticetik. Egitura handi baten aterpetik irten eta babak eltzetik ateratzen ikasi beharra gogorra da gazte batentzat?
Niri ez zitzaidan hain gogorra egin. Gaztea zara, sasoi ona duzu eta buruak denerako ematen dizu. Kanpora joatea aurrerapauso bat emateko aukera lez ikusten duzu. Mundua ezagutzea, tokian tokiko bizimodua eta ohiturak… Hori ona da. Gainera, ibili naizen taldeetan goiko aldean ibili gara. Ez da berdina partidu asko galtzea edo goian ibiltzea. Gauza positibo asko atera dut kanpoan bizi izandako urteetan.
Zelan gauzatu da zure fitxaketa Amorebietagaz?
Iaz, bigarren itzulian, lesionatuta egon nintzen eta ez nuen hainbeste eskaintza izan Lehenengo RFEF-en. Kategoria horretan jarraitu gura nuen, maila polita delako, eta Amorebietaren eskaintza interesgarria egin zitzaidan. Etxera bueltatzea ere faktore garrantzitsua izan da erabakia hartzerakoan. Amorebietan etxean lez sentitzen naiz.
Aurretik Amorebietan jokaturiko urte bietan asko jokatu zenuen, 65 partidu, eta sei gol sartu zenituen. Langa altu dago.
Presio hori positiboa da futbolari batentzat. Hobe da hori, zugandik gutxi itxarotea baino. Nik dudan dena emango dut.
Orduko Iturraspe jokalaria eta gaur egungoa zertan dira desberdinak?
Gazteagoa zarenean azeleratuta egiten dituzu gauzak. Denboragaz patxada hartzen duzu eta jokoa hobeto interpretatzen ikasi. Hazi egiten zara pertsona lez.
Denboraldiaurrean lesio bat izan duzu. Zelan zaude?
Iazko lesio bera da. Joan zen asteburuan 35 minutuz jokatu nuen, ondo ikusi nuen neure burua eta ea apurka gorantz noan.
Ligako lehenengo partiduari buruz ari zara, Sabadellekoari buruz. Han, bigarren aurrelari aritu zinen. Gustura sentitzen zara postu horretan?
Bai, Atletico Baleares taldean bigarren aurrelari jokatu nuen. Majadahondan apur bat atzerago aritu nintzen, erdilari, eta Bilbao Athleticen postu bietan ibiltzen nintzen. Ez dut postu espezifiko bat, bietan eroso sentitzen naiz.
Gol bat ere sartu duzu dagoeneko; Sestaoren kontra, denboraldiaurrean.
Bai. Urtebete inguru neraman golik sartu barik. Azkenekoz gol bi sartu nituen, partidu berean, eta gerora bat ere ez. Denboraldiaurrean bada ere, futbolari batentzat gola sartzea pozgarria da beti.
Domekan Logroñesen kontra jokatuko duzue, etxean. Futbola Urritxera bueltatuko da urtebete Lezaman eman ondoren. Partidu berezia dela sentitzen duzue?
Bai, jakina, denontzat berezia izango da. Gainera, guk badakigu ez garena mailako talderik indartsuenetariko bat, eta Urritxe gotorleku bihurtu behar dugu.
Liga hasiberri dagoen honetan, zelan dago taldea?
Ondo dago, baina apur bat falta zaigu. Denboraldiaurrean hainbat jokalari leisonatuta egon da eta iaztik jokalari bik baino ez dute jarraitzen. Taldea berria da eta elkarregaz gehiago aritzea falta zaigu.
Blokea hutsetik hastea ez da lan erraza.
Giro ona dugu eta horixe da garrantzitsuena. Bestea etorriko da apurka.
Albacete taldeagaz Bigarren Mailan dabilen Lander Olaetxea zure kuadrillakoa da, ezta?
Bai (barrez).
Joan zen asteburuan sekulakoa egin zuen. 95. minutuan errematera igo eta garaipenaren gola sartu zuen!
Astelehenean beragaz egon nintzen eta gol hori komentatu genuen. Aurten erdilarien atzetik jokatzen dabil, baina partidua amaitzear zegoenez aurrera egitea erabaki zuela kontatu zidan. Eta begira zelako gol ederra sartu zuen, buruz! Zorionak berari.