Zornotzako Herriko Plazan pantaila erraldoia jarriko dute Amorebietaren partidu erabakigarria ikusteko

Anboto 2023ko mai. 26a, 18:00

Udalak ekitaldiz betetako eguna antolatu du larunbatea.

Zornotza prest dago zapatuan emozioz betetako eguna bizitzeko. Denboraldi bikaina egin ostean eta azken bi jardunaldietan igoerak ihes egin eta gero, azken partidua ilusioarekin eta esperantzarekin biziko dute zaletu zornotzarrek. SD Amorebietak Bilbao Athleticen aurka jokatuko du zapatu honetan, 19:30ean, Lezaman.

Handik kilometro gutxira, Zornotzan, partidu eguna girotzeko hainbat ekitaldi egongo dira goizetik. Udalak hainbat jarduera antolatu ditu Herriko Plazan. Eguna haurrei zuzendutako ekitaldiekin hasiko da. 12:00etatik 14:30era, eta, 17:00 etatik 19:00etara honako ekintza hauek egongo dira plazan: giza futbolin bat, 'chutagola', eskuko bi futbolin, zirkuitu bat eta futbol-zelai txikiak.

Gainera, Lezamako partidara joateko sarrerarik lortu ez duten guztiek neurketa zuzenean jarraitzeko aukera izango dute udaletxe aurrean jarriko den pantaila erraldoian.

Eta eguna Amorebietaren Bigarren Mailarako igoerarekin amaitzen bada, Andoni Agirrebeitia alkateak eta udalbatzako gainerako taldeek harrera egingo diete udaletxean; eta hauek, ospakizunarekin jarraitu ahal izango dute udaletxeko balkoian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!