#0km

"5. urteurrena ospatzeko jaiagaz eskerrak eman gura dizkiegu gure bezero, lagun eta herrikideei"

Ekaitz Herrera 2023ko mai. 24a, 19:00

Xiberu tabernako langileek iaz egindako ospakizun bat.

Araban bagare, Gipuzkoan bagera eta Xiberun... Zornotzako Xiberun, behintzat, badira. Xiberu tabernak 5 urteko ibilbidea ospatuko du bihar eta barikuan. Luntx berezi bat eta emanaldi musikalak eskainiko dituzte. Txabi Emaldia arduradunak eta bere lan taldeak argi dute Xiberu taberna bat izateaz aparte, herritar desberdinei begirako, kirol elkarteentzako eta elkarte sozialentzako topagunea ere badena. Halantxik jarraitu gura dute aurrerantzean ere.

Xiberuk bost urte beteko ditu eguenean. Urteurrena ospatzeko zer prestatu duzue? 
Bost urte ez dira egunero betetzen. Zenbaki borobila da, sinbolikoa. Eta urteurren honekin gure eskerrona adierazi gura diegu gure bezeroei, lagunei, egunero zein noizean behin gugana datozenei. Eguenean luntx berezi bat eskainiko dugu lehenik (19:00etan), eta Ostabe taldeak emanaldi akustiko bat eskainiko du gero (19:30ean). Barikuan ere jarraituko dugu ospakizunekin. Pancho Balbuenaren emanaldia izango dugu (19:30ean).

Zein da bost urteko ibilbideaz egiten duzuen balantzea? 
Izurri bat izan dugu ibilbidearen erdian. Ibilbide arraroa izan da, kontuan hartuta itxierekin, murrizketekin eta ganoraz lan egin ahal izateko baldintza eskasekin ibili garela. Hori kenduta, balantzea oso positiboa. Tabernan sortzen den giroa oso polita, oso jatorra, dela iruditzen zait. Pozik gaude, egia esan.

Izan ere, Xiberuk lortu du zornotzarren artean, tabernen artean, lekutxo bat egitea. 
Xiberu zabaldu genuen lehenengo egunetik argi izan dugu tabernak topaleku izateko funtzioa ere bete behar zuela. Herritar desberdinen arteko topaleku izan gura dugu. Berdin kirol elkarteentzat edo mugimendu sozialentzat. Iruditzen zait zornotzarrek hartu eman sozial horiek garatzeko lekutxo bat topatu dutela Xiberun.

Zer esango zenieke herritarrei, bezeroei?
Hurbiltzeko gugana. Ondo pasatuko dugula, gozatuko dugula. Ospakizunera etortzera gonbidatuta daudela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!