Olatz Beitia, Jorge Fernandez eta Oihan Etxeberriak jantzi dituzte Master Kaiola txapelketako txapelak

Anboto 2023ko mai. 15a, 12:46

Master Kaiolako aurtengo txapeldunak podiumean (Argazkiak: Master Kaiola)

Atzo Master Kaiola txapelketako lau eta erdiko finalak jokatu zituzten Amorebieta IV pilotalekuan.

Emakumeetan, Munitibarreko Lea klubean dabilen Olatz Beitia lekeitiarrak Lagun Artea klubeko Alba Monje sestaoarrak neurtu zituzten indarrak eta Beitia nagusitu zen. Lekeitiarra aurretik joan zen markagailuan partidu osoan zehar: 9-5 /14-9 / 22-12.

22 urtez azpikoan, Errioxako San Cosme klubeko Jorge Fernandezek jantzi zuen txapela Lazkaoko Lapke klubeko Beñat Zubizarreta 22-19 menderatuta. Zubizarreta finala irabazteko faboritoa zen, baina errioxarrak hankaz gora bota zituen pronostikoak eta, pilota bizi-bizi mugituz, erabakigarria zirudien aldea hartu zuen (15-5). Zubizarretak finala aldapa gora zuenean eskaini zuen bere mailarik onena partidua 17na eta 18na berdintzeko. Azken txanpan, Fernandezek tanto bi egin zituen sakez eta zehatzago ibili zen tantoa amaitzerako orduan.

Gazte mailan, Oiartzungo Oiarpe klubeko pilotari biren arteko finala jokatu zuten Oier Zabaletak eta Oihan Etxeberriak. Binaka GRAVNI txapelketa irabazi berri duen Etxeberria 22-7 nagusitu zitzaion bere herrikideari. Etxeberriak txapelketako baloreak ondoen islatzen dituenari ematen dioten K-Saria ere irabazi zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!