Aurten 12 neska eta 40 mutil ariko dira lehian. Nesketan dago txapelketako nobedade nagusia. Orain arte, pilotari onenak ekartzen saiatzen ziren, baina aurten eredua aldatu eta klubetara jo dute pilotarien bila. Klubei eta euretan dabiltzan neska pilotariei "garrantzia" ematea dute helburu Lagun Onak elkarteko Ekhi Ziarrustak atzo azaldu duenez. Ez da erraza izan pilotariak aurkitzea. "Lau federazioetako 30 bat klubetara joan gara hamabi pilotariak lortzeko", zehaztu du. Gabezia horrek erakusten du oraindik "lan asko" dagoela egiteko. Eredu izateko asmotan, Lagun Onak taldeko pilotari bik buruz buru jokatuko dute martxoaren 10eko lehenengo jaialdian, nahiz eta ez dauden txapelketa barruan. Sare Aretxaga eta Irati Benito dira pilotari biak.
Neskek klubak ordezkatuko dituzte
Neskek euren klubak ordezkatuko dituzte eta, ondorioz, diru sariak nahiz dietak klubetara bideratuko dira. Klubek erabakiko dute diruagaz zer egin. "Nesken pilota babestu gura dugu, baina klubak ere bultzatu gura ditugu, zeren eta uste dugu arlo horretan indarra falta dela. Horregatik hartu dugu erabaki hau", azaldu du Ziarrustak.
Nesketan, pilotarietako bat Durangoko Pilota Eskolan dabil: June Urrutikoetxea. Beste bat Bartzelonakoa da: Leire Arribas. Gainerakoak honako hauek dira: Malen Lamadrid (Txumuluxueta), Olatz Beitia (Lea), Irene Azkona (Usansolo), Uxue Perez (Lezama), Alba Monge (Lagun Artea), Irati Arroyo (Zumarraga), Lide Lopez (Ataun), Edurne Carretero (Aloña Mendi), Kattin Madariaga (Bortziriak) eta Alejandra Bilyak (Ezkaray).
Mutiletan, 40 pilotari
Mutiletan hogeina pilotari ariko dira gazte eta 22 urtez azpiko mailetan. Faben Ituarte atxondarrak ezin izango du parte hartu lesio bategatik. Gazteetan Ramirez, Bullon, Calvo eta Zestau pilotariek aurrefaseak gainditu behar izan dituzte txapelketan sartzeko. Azken hirurak atzelariak dira, baina, erakutsi dutenez, ondo moldatzen dira kaiolan. 22 urtez azpikoan Garai, Beitia, Bernaola eta Sasiainek gainditu dituzte aurrekanporaketak.
K-saria
Aurreko aldi bietan moduan, aurten ere K-saria banatuko dute. Sari honek Kepa Arroitajauregi gogoratzea eta txapelketako pilotaririk eredugarrienak saritzea du helburu. Lehiakortasuna, errespetua eta adorea lako balioak hartuko dituzte kontuan puntuak banatzerako orduan.