Luzapenean jasotako gol batek eragotzi du Amorebietaren igoera Logroñon

Anboto 2023ko mai. 15a, 09:43

Amorebieta taldearen hamaikakoa SD Logroñesen kontrako partiduan (Argazkia: @SDAmorebieta)

Datorren zapatuan Bigarren Mailara igotzeko beste aukera bat izango du etxean, Urritxe futbol zelaian, Gimnastic de Tarragona taldearen aurka.

Amorebietak Bigarren Mailara igotzeko aukerak zituela jokatu zuen atzo Logroñon SD Logroñes taldearen aurka. Eta matematikak alde izan zituen 20 minutu baino gehiagoan; 69. minutuan Ewan Urain durangarraren gol batek urdinak markagailuan aurreratu zituenetik, luzapena heldu zen arte, hain zuzen. 92. minutuan Monreal jokalariak banakoa ezarri zuen eta horrelaxe amaitu zen partidua.

Mailaz igotzeko honako hau gertatu behar zen: Amorebietak bere partidua irabazi behar zuen eta Eldensek berea galdu edo berdindu. Bigarren baldintza bete zen, Eldensek 0-0 berdindu zuelako Soriako Numantzia taldearen zelaira egindako bisitan. Baina Amorebietak ezin izan zuen berea irabazi azken minutuko gol horrengatik.

Edozelan ere, liga amaitzeko jardunaldi biren faltan, Amorebietak Lehenengo Federazio Mailako sailkapenaren buruan jarraitzen du, Eldenserekiko lau puntuko aldearekin. Horrek esan gura du asteburuan mailaz igotzeko beste aukera bat izango duela eta, gainera, ez dauka beste emaitza batzuen zain egon beharrik. Berea irabaztea nahikoa izango du Bigarren Mailara igotzeko. Berdinketak ere balioko lioke Eldensek berea irabazten ez badu. Partidu erabakigarri hori Gimnastic de Tarragonaren kontra jokatuko du zapatuan, 19:30ean, Zornotzako Urritxe futbol zelaian.

Azpimarratu behar da mila zornotzar inguru joan zela Logroñora Amorebieta bertatik bertara animatzera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!