Amorebieta futbol taldeak Bigarren Mailara igotzeko aukera matematikoak dituela egingo dio bisita SD Logroñes taldeari

Anboto 2023ko mai. 13a, 10:30

Amorebietako jokalariak Real Murtziaren kontrako gol bat ospatzen, joan zen asteburuan. SD Amorebieta.

Amorebieta futbol taldea balentria berri baten atarian dago. Bigarren Mailara igotzeko aukera matematikoak dituela egingo dio bisita SD Logroñes taldeari. Domekan izango da Lehenengo Federazio Mailako liderraren norgehiagoka, 18:00etan. 

Ordu berean, Eldense bigarren sailkatuak Sorian jokatuko du, Numantziaren kontra. Liga amaitzeko hiru jardunaldiren faltan, lau puntuko aldea dago talde bien artean. Beraz, asteburuan, honako hau gertatu behar da mailaz igotzeko: Amorebietak bere partidua irabazi behar du eta Eldensek berea galdu edo berdindu. Valentziarren berdinketak ere balio dio Amorebietari, talde bien arteko gol aldea zornotzarren aldekoa delako.

Klubak autobusak antolatu ditu Logroñora joateko, eta, beraz, zornotzarrek zaleen babesa izango dute, azkenengo irteera guztietan izan duten moduan. SD Logroñes zazpigarren tokian dago eta ez da partidu erraza izango. Baina Amorebieta sasoi betean dago eta une honetan edozeini irabazteko kapaz da. Partidua galduta ere ez litzateke deskalabrua izango, oraindino beste aukera bi geratuko direlako aurretik; lehenengoa maiatzaren 20an, Urritxen, Gimnastic de Tarragona taldearen aurka. Igoera etxean lortzeak ere bere xarma izango luke.

Bigarren igoeraren atarian
Amorebietaren azken urteetako martxa azpimarratzekoa da. Orain denboraldi bi, Bigarren Mailara igo zen, klubaren historian lehenengoz. Sekulako balentria izan zen 20.000 biztanle dituen herri batentzat. Zornotzarren ametsak urtebete baino ez zuen iraun, baina aurten berriro ere aukera bikaina du hara itzultzeko. 

Denboraldi hasieran nork esango zion Amorebietari mailaz igotzeko puntuan egongo zela. Lehenengo txanpa ez zen batere itxaropentsua izan. Taldea ia guztiz eraberrituta, eskas hasi zen: bost porrot lehenengo hamar jardunaldietan. Taldea sendotzea falta zen eta jaitsiera postuetatik urruntzea zen helburu bakarra. Baina neguko fitxaketen hauspo berriagaz, jarraitzen zutenen konpromisoagaz eta Haritz Mugika entrenatzailearen gidaritza onagaz, behetik gorako bideari ekin zioten: hamasei garaipen eta zazpi berdinketa azken 25 partiduetan. Hurrengo garaipena igoerarena izan daiteke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!