Astiro-astiro dabiltza uretan aurrera egiten. Patxadaz, baina beti bezala, buru-belarri. Zornotzako waterpolo taldeak eguneroko lanaren fruituak jaso ditu berriki. Taldeko hiru kidek, Ane Arizonak, June Zatonek eta Iurgi De Castrok, Euskal Selekzioagaz jokatzeari ekin diote. Duela gutxi Madrilen izan dira, Espainiako Autonomia Erkidegoen arteko txapelketan jokatzen. Mutilen taldeak 4. postua eskuratu zuen, eta 10. postua neskenak. Estibaliz Amesti entrenatzailea pozik agertu da emaitzagaz. "Txapelketa polita eta gogorra izan da. Neska-mutilek euren adorea eta kemena erakutsi dute uretan", azaldu du.
Baina honako hau ez da Zornotzako waterpolo taldeko kideek Euskal Selekzioagaz jokatu duten (eta jokatuko duten) aldi bakarra izango. Selekzioko mutilak Dubrovniken izan dira Tomo txapelketan parte hartzen (Kroazia). Amestik azaldu du "emaitza historikoa" lortu dutela, talde euskalduna, 40ren artean, final laurdenetara sailkatu zelako. Bestalde, nesken taldea Atenasen lehiatuko da uztailean, HaBaWaBa txapelketan (Grezia). "Ahaztu ezinezko esperientzia" izango dela adierazi du Amesti entrenatzaileak.
Euskal Selekzioko jokalariak Dubrovniken. Tartean, Iurgi De Castro jokalari zornotzarra (behean eskuman) eta Rubém De Castro entrenatzailea (Goian ezkerrean).