Ekin 60. urteurrena ospatzen dabil aurten eta Itzuliko babesleetariko bat da. Ibilbide gorabeheratsu baten ondoren, azkenengo kilometroak bereziak dira Zornotzako hainbat auzotatik ibiliko dira eta. Larrabetzura heltzean hasiko da zati berezia. Larrabetzutik San Isidrora (Zornotza) joango dira; gero, herrigunera heldu aurretik Boroarantz hartuko dute; etapa hasi den tokitik pasatu, herrigunera jaitsi, berau zeharkatu eta Eubara joango dira. Euban San Miguelerantz hartu eta Tolsan industrialdera jaitsiko dira, ibilgailuen azterketa teknikoa egiten den ingurutik. Gero, Urumiñe, Txolon, Urritxe eta Epaltzatik igaroko dira. Azkenik, sasoi bateko Udaberri sariari keinu bat eginez, Autzaganetik bueltatuko dira herrigunera.