[ARGAZKI GALERIA] Cadizetik Santanderrera, 48 urteko Toyota Land Cruiser batean

Anboto 2023ko mar. 31a, 11:30

Oskar Ordoñez zornotzarrak eta Ignacio Corcuera bilbotarrak ibilgailu klasikoen Spain Classic Raid lasterketan parte hartu dute eta podiumera igo dira.

Cadizetik Santanderrera, penintsula alderik alde zeharkatu dute Ignacio Corcuera pilotuak eta Oskar Ordoñez kopilotuak 48 urteko Toyota Bj40 Land Cruiser baten barruan. 2.100 kilometro inguru egin dituzte, zortzi etapatan banatuta. Joan zen zapatuan heldu ziren helmugara eta ahaleginak merezi izan du Pre80 kategorian hirugarren geratu eta podiumera igo direlako.

Iaz Dakar Rallyan parte hartu zuten biek elkarrekin. Oraingo hau ere abentura bat izan da, baina diferentea. Izan ere, iIbilgailu klasikoen lasterketen berezitasun bat da ezin dela azeleragailua beherarte zapaldu. Batez besteko abiadurak 50 kilometro ordukoa izan behar du gehienez. Horrez gainera, orientatzeko gaitasunak garrantzia handia du. Rutometro bateko datuak jarraitu dituzte etapak osatzeko.

Corcuerak egindako proposamena onartuta, Ordoñezek lehenengoz parte hartu du auto klasikoen proba batean. Esperientzia "oso positiboa" izan dela eta "oso giro ona" aurkitu dutela adierazi du, nahiz eta momentu batzuetan "nekagarria" ere izan dela onartu duen. Beroa izan da faktore nekagarrietako bat. "Andaluzian beroa egiten zuen. Soria ingurura heldu arte ez dugu eguraldi freskorik igarri". Autoan arazoak ere izan ditute, balaztarekin eta erradiadoreekin, esaterako.

Bigarrenari laguntzearren hirugarren geratu dira

Lehiatik haratago, abenturagaz gozatzea izan dute helburu. Aberiaren bat zuen kotxeren bat parean egokituz gero geratu egiten ziren laguntzera. Esaterako, Francois Boutrot eta Bruno Destouches frantziarren BMW 316a arazoekin ikusi zutenean birritan pentsatu barik bertaratu ziren laguntzera. Gero, frantziarrak bigarren geratu ziren sailkapen nagusian 615 punturekin eta Corcuera-Ordoñez bikotea hirugarren 605ekin. Geratu izan ez balira, bigarren geratu zitezkeela uste du Ordoñozek, baina hori ez da euren lehiatzeko modua. "Oso jende jatorra da. Etapa amaitzerakoan besarkada bana eman ziguten. Horrek gehiago balio du guretzat", adierazi du zornotzarrak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!