"Dakar rallyan parte hartzea umetatik amesten nuen eta ez nuen pentsatzen errealitate bihurtuko zenik"

Joseba Derteano 2022ko ots. 12a, 10:00

Oskar Ordoñez zornotzarra aurtengo Dakar Rallyan parte hartu duen euskaldun gutxietariko bat da eta rallya amaitzea lortu du. Zornotzarrak ez ditu berehalakoan ahaztuko Saudi Arabiako paraje mortu eta lehorretan bizitako abenturak. Ignacio Corcuera 'Livingstone' pilotuaren kopilotu lanetan aritu da, Toyota BJ40 batean. Makina bat zailtasuni elkarregaz aurre egin eta munduko rallyrik gogorrena amaitzea lortu dute. Beste taldeei laguntzeko astia ere izan dute.

Zelan sortu zitzaizun Dakar rallyan parte hartzeko aukera?
Ni berez pilotua naiz, Livingstonen antzera. Normalean trialean ibiltzen naiz eta badira 25 bat urte Livingstone ezagutzen dudala. Berak behin baino gehiagotan parte hartu du Dakarren, eta aurten bere kopilotua izatea eskaini zidan. Orain hamar urte ere eskaini zidan; orduan, laguntzaile modura gura ninduen, baina lanean nenbilen eta ezin izan nuen. Dakar rallyak denbora eta egun asko eskatzen ditu. Ibilgailua prestatzea, izapideak betetzea… Sinestezina da zenbat izapide bete behar diren!

Pentsatzen zenuena bezain ona izan da esperientzia?
Uste nuena baino hobea! Dakarren parte hartzea umetatik amesten nuen eta ez nuen pentsatzen errealitate bihurtuko zenik. Nire bizitzako lasterketa izan da.

Han bizitako zer ez zaizu sekula ere ahaztuko
Bertakoek erakutsi duten hospitalitatea. Eurekin jesartzera gonbidatzen gintuzten eta jan-edana eskaintzen ziguten. Gogoan dut behin polizia bategaz gertatu zitzaiguna. Rallya hasi aurreko egun batean, ibilgailuagaz arazo bat izan genuen eta garabiari deitu genion. Bada, poliziak tramiteak arindu zizkigun eta te bana hartzera eta gozo batzuk jatera gonbidatu gintuen. Horrelako hainbat anekdota dugu.

Eta badago irudi edo imajinaren bat buruan iltzatuta geratu zaizuna?
Eguzkia zeruertzean agertzen eta eguna argitzen zuen une hori, urrunera dromedarioak pasatzen zebiltzala… Horrelako irudiak ez zaizkit sekula ere ahaztuko.

Zein izan da rallyan arriskurik handiena pasatu zenuten unea?
Behin, ibilgailua irauli egin zitzaigun duna batean, baina, tira, ez zitzaigun ezertxo ere gertatu. Beste behin, bidean zegoen alanbre arantzadun bat ibilgailuko aurreko zein atzeko ardatzean trabatu zitzaigun. Zarata arraro bat entzun eta autoa geratu genuen. Eta eskerrak, ze abiadura hartan aurrera jarraitu izan bagenu, itzulipurdi asko emango genuen. 

Desertuaren erdian horrelako istripu bat… Zelakoak dira segurtasun neurriak?
Onak baino hobeak! Hamar bat helikoptero etengabe dabiltza airean. Guri, ezerezaren erdian ibilgailua irauli zitzaigunean, 15 minutura mediku bat zelan nengoen galdezka neukan. Sinestezina da. Beste behin, ibilgailua matxuratu egin zitzaigun, konpontzen hasi ginen eta ez ziren 10 minutu pasatu helikoptero bat agertu zenerako. Ondo geundela esan genien, baina, hala ere, lur hartu zuten eta medikua gugana etorri zen ondo geunden segurtatzeko eta urik behar genuen galdetzeko. Hori guztia desertuaren erdian. Eskertzekoa da.

Ahalik eta aurreren amaitzea ala esperientzia topera bizitzea, zein zen zuen lehentasuna?
Esperientzia bizitzea, dudarik barik. Askotan gelditu ginen beste taldeei laguntzen, eta oso harro gaude hori egin izanaz. Beste jarrera bat hartuta, postu batzuk aurrerago amaituko genuen, baina ez zen esperientzia berdina izango. Livingstonek esan zidan: "Lehenengo Dakarra denetan bereziena da, ez duzu sekula ere ahaztuko eta bizi topera!". Horixe egin nuen.

Izan zenuten hartu-emanik Dakarra irabaztera joan ziren talde eta pilotu boteretsuekin?
Bai. Begira, guk ez generaman asistentziarik, 30.000 euroko gainkostua zelako. Behin, ibilgailuko gauza bat konpondu guran nenbilela, mekanikari bat hurreratu, laguntzarik behar nuen galdetu eta behar nituen torlojuak ekarri zizkidan. Orduan ez nekien nor zen. Gerora jakin nuen Jesus Callejaren taldeko mekanikaria zela. Laia Sanz eta Nani Roma ere ezagutu nituen.

Carlos Sainz, Nasser Al-Attiyah…
Behin, semaforo batean, Nasser gure ondoan geratu, leihotik begiratu eta erpurua altxatu zigun. Besoko ileak tente ipini zitzaizkidan.

Zergaitik keinu hori?
Guk Toyota bat generaman eta han asko maite dute marka hori. Ez dakit zergaitik den, baina den-denak Toyota zaleak dira.

Bueltatuko zara Dakarrera?
Ez dakit. Lagun batzuek diru bilketa bat egin dute. Beste batzuek esan digute euren ibilgailua utziko digutela. Niretzat keinu horiek hunkigarriak dira, baina errealitatea da babesleak behar ditugula; bestela, oso gatxa izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!