Badakizue lehenengo lipovenar-errusiarra noiz heldu zen Zornotzara?
Natasa Listrat: Nik dakidala 2002an etorri zen lehenengoa. Egunkariak saltzen zituen bizitzeko. Ni 2003an etorri nintzen eta ez nuen ezagutu, baina gogoan dut orduko gure lagun taldeetan horixe komentatzen zela.
Veronica Condrat: Normalean, pertsona bat etortzen da lehenengo. Lanean hasten da, etxebizitza bilatzen du eta egonkortzen denean bere familia ekartzen hasten da. Hasieran gizonak etortzen ziren lehenengo. Geroago emakumeak ere hasi ziren pauso hori ematen. Azken batean, ezagun bat duzun toki horretara joatea normalagoa da eta gure kasuan ere horixe gertatu zen.
Natalia Foca: Ni etorri nintzenean, 2003an, lipovenar-errusiarren 20 bat familia zeuden Zornotzan eta Gernikan. Gutxi ginen eta sarritan batzen ginen: baten etxean, barbakoa baten inguruan… Orain baino batuago geunden.
V.C.: Kalean gureetariko bat ikusiz gero bere berri jakin gura zenuen: nongoa zen, zelan zegoen… Orain desberdina da. Seme-alabak jaiotzen hasten dira eta familia-nukleoetan batzen gara gehiago.
Zuetariko askok Juravca izeneko elkartea sortu zenuten. Koru bat duzue eta kultur ekimenak antolatzen dituzue.
N.L.: Hasieran, elkarteak ikuspegi erlijiosoa zuen batez ere. Gerora, elkartea beste eremu batzuetara zabaltzen joan da. Gogoan dut sasoi batean Lipa Amorebieta futbol talde bat ere izan genuela. Bestalde, kultur esparruari dagokionez, Juravca abesbatza sortu zen.
N.F.: Azken batean, elizako kontuei loturiko elkartea itxiagoa da. Barruetan batzen ginen, mezatan-eta. Gu eta gure kultura nahiz tradizioak herrira zabaltzeko eta hartu-emanak sustatzeko, beste zerbait behar zen eta 2008an Juravca sortu genuen. 2019tik elkarte propio modura funtzionatzen dugu.
V.C.: Izenak kurrilo hegaztiari egiten dio erreferentzia. Migrazio hegaztia da eta beragaz identifikatuta sentitzen gara. Kurriloak lez migratu beharra izan dugu eta urtean behin gure sorterrira bueltatzen gara. Gure kasuan, gehienok Errumaniako Slava Cercheza herrikoak gara, Tulcea zonaldekoak, Itsaso Beltzetik eta Danubioren deltatik gertu.
Urtean behin jaialdi bat antolatzen duzue.
V.C.: Tilofest deitzen da. Historikoki ezkiak edo tiloak lotura estua izan du gure kulturagaz eta gure jatorriagaz, eta horregaitik izen hori. Ezkia ekainean loratzen da eta hile horretan egiten dugu jaialdia; aurtengoa ekainaren 17an izango da. Ez gara gure kulturara bakarrik mugatzen. Kulturen arteko jaia izan dadin ahalegintzen gara. Euskal Herrian bizi diren askotariko komunitateetako elkarteak gonbidatzen ditugu.