Zornotzako Udalak pauso bat gehiago eman du herriko emakumeen memoria bizia jaso eta haien aitzindaritzari aitorpena egiteko bidean. Iazko azaroan postalak banatu zituen etxerik etxe, herriko emakumeek haien testigantzak, oroitzapenen bat, herriaren bilakaerari buruzko lekukotasunen bat idatzi zezaten. Bada, gaur, kontakizun horien saridunak zeintzuk diren jakinarazi dute. Hiru dira irabazleak. Karmengo Ama ikastetxeko Deiene Perez 12 urteko ikaslea, Andoni Barañano Karmengo Ama ikastetxeko irakaslea eta postala elkarlanean idatzi duten Juan Luis Artabe Bizkargi Gogoratuz elkarteko presidentea eta Esther Diana Urritxe ikastetxeko irakaslea. Sarituek 500 euroko Amorebono bana irabazi dute herriko komertzioetan gastatzeko.
ANBOTOko Jone Guenetxea zuzendariak postalen lehiaketako epaimahaian parte hartu du, Eider Etxeandia eta Jon Urutxurturekin batera. "Parte hartze oso altua egon da. Horrek erakusten du hemen badagoela zer kontatu. Arreta deitu didaten istorioen artean, bilobek amamengandik jasoriko kontakizunak, Zornotzara bizitzera etorritako emakumeen testigantzak eta hemen bizi izan direnenak daude. Uste dut honako hau ekintza garrantzitsua dela feminismoaren ikuspegitik, hain zuzen, memoriaren transmisioan eragiten laguntzen duelako", azaldu du Guenetxeak. Deiene Perez ikasleak bere amamak eskolan bizitako genero segregazioa eta neska-mutilek elkarrekin jolasteko zituzten zailtasunak kontatu ditu postalean. Andoni Barañanok ere bere amamaren pasarte bat kontatu du. Olerki baten forma emanda, amamarena den baina gainerako emakumeentzat ere unibertsala den kontakizuna jaso du. Juan Luis Artabek eta Esther Dianak, bestalde, Cecilia Rodriguezi buruzko, euren amari eta amamari buruzko, testigantza idatzi dute lehenengo pertsonan.
Postalak eta gero, dokumentala
Lehiaketan Zornotzako 180 bizilagunek parte hartu dute. Bakoitzak bere biografiako pasarte bat, herriari loturiko oroitzapenen bat, senideren batek kontaturiko testigantzaren bat, idatzi du. "Egitasmoa, baina, ez da hemen bukatu", esan du Ainhoa Salterain Gizarte Ekintza eta Berdintasun zinegotziak. Ariketa honek "errelato bati aurpegia ipintzeko" balioko duelako aurrerantzean. Herriko emakumeen historia kolektiboa osatzeko. Izan ere, postalen ariketa honetatik tiraka, Udalak herriko emakumeen memoria bizia jasotzeko dokumentala egingo du. Udazken partean egin gura dute estreinaldia, Zornotza Aretoan. Baleuko ekoiztetxeko kideen laguntza izango dute horretarako. Salterainek aurreratu du "11 herritarren testigantzak" batuko dituztela bertan.
Horrez gainera, Udalak 11 irudi erraldoi ipini ditu udal plazan. Oihal erraldoiek herriaren bilakaera zer nolakoa izan den jasotzen dute.