Zornotzako Udalak Emakume aitzindariak. Hamaika emakume, hamaika istorio egitasmoa hasi du, udalerriaren bilakaeran parte hartu duten emakume zornotzar guztien lana omentzeko eta aitortzeko. Udalaren asmoa 40ko hamarkadatik hona gertaturikoak jasotzea da, udalerrian bizi diren emakumeen testigantzen bitartez. "40ko hamarkadatik aurrera zer gertatu zen, zornotzarrek nola bizi izan zuten beste emakume batzuen etorrera gure udalerrira, zer suposatu zuen haientzat eta herriarentzat; Zornotzara iritsi ziren emakumeen berri ere izan gura dugu, iritsi zirenean zer aurkitu zuten ezagutu, zelakoa zen haien bizitza?", azaldu du Ainhoa Salterainek, Berdintasun eta Gizarte Ekintza zinegotziak.
Hori dela eta, udalak postalak bidaliko ditu Zornotzako etxe guztietara. Egitasmoan parte hartu gura duten emakumeek, postaleko alde hutsa bete beharko dute, euren testigantzak, oroitzapenak, sentipena, desirak eta bizipenak ipinita. Postal horiek gero, udaletxera helarazi beharko dituzte. Parte hartzaileen artean hiru postal sarituko dituzte. 500 euroko balioa duten hiru Amorebono izango dira sariak.
Behin postal guztiak batuta, udalak dokumentazio lan bat hasiko du, hurrengo urteko Martxoaren 8an erakusketa bat egiteko. Bertan, "jasotako kontakizunen eta bizipenen zati bat" erakutsiko dut. Beranduago, datorren urteko azaroan, emakume horien testigantzetan oinarritutako dokumental bat estreinatuko dute. "Dokumental hau iraganeko Zornotzaren isla izango da emakumearen ikuspegitik, eta era ereab, etorkizuneko Zornotzako ideia bat osatzen lagunduko digu", zehaztu du Salterainek.