Julen Baz sukaldari zornotzarrak sari berri bat gehitu dio bere ibilbide oparoari. Repsol Gida entzutetsuak eskaintzen duen saria irabazi du, Repsolen Eguzkia. Orain arte Eguzki bakarra izan du, baina bi izango ditu aurrerantzean. Horrez gainera, ez da ahaztu behar Bazek Michelin izarra ere irabazi zuela iazko abenduan. Zornotzarra da Euskal Herriko sukaldaririk gazteena Michelin izar bat eta Eguzki bi lortzen.
Repsol Gidak bart banatu ditu sariak Alacanten (Herrialde Katalanak). Bertako ekitaldian Espainiako sukaldariri onenak batu ziren. Jaia bukatu berritan, Julen Baz pozik zegoen: "Proiektu bezala, sari oso garrantzitsua da guretzat, baina era berean garrantzitsua ikusten dugu Bizkaiko eta Euskadiko gastronomiarentzat. Eskaintza gastronomiko zabalagoa eta erakargarriagoa izango da, sarituak gero eta gehiago garen heinean”, adierazi zuen.
Bazek Dimako Garena jatetxean dihardu sukaldari. Lehenagoko Michelin izarrarekin eta bigarren Eguzki honekin, jatetxea euskal sukaldaritzaren erreferentzia da honezkero. "Proiektu gazte eta berritzailea" izan arren, jatetxean goi mailako sukaldaritzaren "sustraiak sendotu" dituela azpimarratu du Bazek.