Guerrerok ez du adierazpenik egin aurkezpen ekitaldian. Amorebietaren kamisetarekin irudiak hartzeko aukera izan dute hedabideek. Ondoren, klubak bideo bat argitaratu du sare sozialetan jokalari gaztearen berba batzuekin. "Gogotsu eta ilusioz nago. Lehia hasteko desiatzen nago zelaian gozatzeko. Esperientziadun taldekideak izango ditut. Ahalik gehien ikasi nahi dut eurengandik eta nik daukadan dena eman gura dut zelaian", esan du 18 urteko jokalariak. Horrekin batera, klubari beragatik erakutsi duen interesa eskertu dio.
Asier Goiriak, Amorebieta klubeko kirol zuzendariak, fitxaketaren gaineko xehatasunak eman ditu. "Operazio nahiko luzea izan da. Azarotik daramagu gai hau lantzen. Berak argi zuen hona etorri nahi zuela. Real Madrilek, guk eta jokalariak berak, denok geure partetik ipini dugu. Operazio honetan alderik gatxena izan da Real Madrilek jokalariagaz geratu gura zuela. Handicap bat izan da. Elkarrizketa asko izan ditugu eurekin eta azkenean baietza eman ziguten. Real Madrili eskerrak eman gura dizkiogu eman digun tratuagatik. Azkenean hemen dago eta oso pozik gaude", esplikatu du.
Fitxaketa honekin zer bilatzen duten azaldu du. "Soslai jakin bateko jokalari baten bila genbiltzan iazko urri-azarotik: zelaiko azken laurdeneko jokalari bat. Kalitatea eta gola eman ahal dizkigula uste dugu eta baita estrategiako jokoa ere. 18 urte ditu eta oso gaztea da, baina beragaz berba eginda heldutasuna erakusten du", esan du.