Euskal Herriko sagardogileek denboraldi berria zabaldu dute, eta Zornotzako Uxarte sagardotegian jai berezi batekin hasiko dute sasoi berria. Urtarrilaren 20an inauguratuko dute uzta berria, iluntze aldera. Bertan egongo dira Oihana Bartra eta Aitor Etxebarriazarraga bertsolariak, Etxebarria aita-seme trikitilariak eta jaia girotzera hurbildutako txalapartariak lagun. Afaria 21:00ak aldera izango da.
Euskal Sagardoa egiten duten 48 sagardogile daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Guztira "1,2 milioi sagardo litro egin dituzte, bertako 250 sagastietako 2 milioi kilo sagar" erabilita. Uzta txikia izan dute, baina "tanino altuko eta izaera handiko" sagardoak lortu dituzte. Iazko uztaren aldean, alkohol graduazio handixeagokoak. Prezioei dagokienez, sagardogileek %25 igoko dituzte kopuruak. Testuinguru orokorrari eragiten dion inflazioak arrastoa utzi du sagardogintzan ere, batez ere, "beiraren, kartoiaren, energiaren eta gasoilaren" igoera dela eta. Sagardogileek prezioak eguneratu beharra beste erremediorik ez dute izan, "egoerari aurre egin ahal izateko".