Amaia Aldaik historia egiten jarraitzen du eta Lau eta Erdiko Master Laboral Kutxaren txapela bi aldiz jarraian irabazi duen lehenengo emakumea bilakatu da, final handi batean Olatz Arrizabalaga 22-15 menderatuta. Zapatuan jokatu zuten finala, Zornotzako pilotalekuan.
Abiadura eta oldarkortasuna izan ziren Amaia Aldai txapeldunaren dohainik nabarmenenak eta lehen gantxoak txapapera ihes egin zion arren, partida hasieratik aurretik izan zen markagailuan. Piloteoan izandako nagusitasunak eman zizkion dimoztarrari lehen aldeak eta 6-1 jarri zen aurretik. Olatz Arrizabalagak azkar erreakzionatu zuen, errematean asko asmatuz eta sakearekin min eginez.
Orduantxe jokatu zituzten biek partidako tantorik piloteatu eta gogorrenak, baina Arrizabalagak zailena egitea lortua zuela zirudienean —partida zortzina berdindu zuen—, Aldaik berriz ere ihes egin zion markagailuan: 15-8. Sakearekin eta sake-errematearekin berriz ere gauzak asko estutu zituen gernikarrak. Gainera, Aldaik ezker eskuan kolpe bat hartu zuen, gauzak are gehiago zailduz. Horrela, Arrizabalaga asko gerturatu zen: 16-13. Orduan, berdinketa oso gertu zuenean, partiduko tantorik erabakigarriena heldu zen: Tanto oso gogor eta piloteatu batean Arrizabalagak txapara bota zuen txokoan egindako dejada bat eta hortxe egin zion ihes partiduak. Aldaik abantaila hartu zuen berriro eta Arrizabalagak ezin izan zion bueltarik eman.
Jaialdian, gainera, azken 30 urteetan Lagun Onak pilota elkarteko arduradunak izan diren Jose Ramon Etxebarria eta Jabi Emaldi omendu zituzte.
Jose Ramon Etxebarriari eta Jabi Emaldiri egindako omenaldiko irudia. (Argazkia: Master Cup)