Olatz Arrizabalagak eta Amaia Aldaik Zornotzan jokatuko dute lau eta erdiko Master Cup finala, zapatuan

Anboto 2022ko abe. 7a, 15:34

Olatz Arrizabalaga —ezkerrean— eta Amaia Aldai gaur Zornotzako Amorebieta IV pilotalekuan egindako aurkezpenean.

Momentuko eskuz banakako bi espezialistarik onenak arituko dira urteko txapelik preziatuenaren bila. Jaialdia zapatuan, 19:00etan, hasiko da eta ETB-K gauez eskainiko du.

Gaur aurkeztu dute Laboral Kutxa Emakumeen Master Cup lau eta erdiko finala Zornotzako pilotalekuan, finala jokatuko den toki berean. Bertan izan dira bi protagonistak: Olatz Arrizabalaga eta Amaia Aldai. Dimoztarra eta gernikarra gaur eguneko pilotari onenetakoak dira eta bien arteko norgehiagokak klasiko bihurtzen ari dira.

Aurkezpenean adierazi dute elkarren artean sekretu gutxi daudela eta tentsioa hobekien kudeatzen duenak asko izango duela aurreratua.

Jaialdiari binakako partida batek emango dio hasiera: Garai-Capellan/ Salsamendi-Mendizabal. Jaialdiko bi partiduen artean azken 30 urteetan Lagun Onak pilota elkarteko arduradunak izan diren Jose Ramon Etxebarria eta Jabi Emaldi omenduko dituzte.

Gaurko ekitaldian parte hartu dute  Andoni Agirrebeitia Zornotzako alkateak, Ainhoa Salterain Zornotzako Berdintasun zinegotziak, Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari Patricia Campelok eta Lagun Onak elkarteko presidente Karmelo Bullonek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!