Esan eta egin. Mitologiaren magiak Etxano hartuko du asteburuan. Gaur irrintzi ikastaroa eta irrintzi bira izango dituzte. Bihar ipuin kontalariak, herri bazkaria, dantza tailerra, txalaparta eta antzerkia. Domekan erraldoien kalejira eta sendabelar tailerra egingo dute. "Larrabe baserrian, gure izeko batek sendabelarrak lantzen zituen", gogoratu du Paskual Uriartek. "Gurasoengana ailegatu zen jakintza hori baina katea gure belaunaldiagaz eten da. Pena da", esan du. Alde horretatik, domekako saioak sendabelarrak ezagutzeko aukera emango du Mentxu Amunategiren gidaritzapean.
Horrez gainera, egitarauak etxanotarrak batzeko eta bertaratzen direnei kultur eskaintza erakargarri bat egiteko balioko du. "Urtetik urtera jaialdi hau geroago eta ezagunagoa dela igarri dugu. Jendeak galdetzen digu ea zerbaitetan gabiltzan. Kultur gogo hori badago", dio Iraide Lauzirikak. "Pozgarria da hori, aurrekontu gutxigaz oihartzuna lortu dugulako. Horrek jarraitzeko gogoa ematen digu. Etxanotarrak beti agertzen dira laguntzeko prest, parte hartzeko gertu. Konpromiso maila egundokoa da hemen", gaineratu du Aitziber Etxebarriak. Ez dute dudarik. Elkarteko kideek Etxanora joatera deitu dituzte kulturzaleak: "Besoak zabalik hartuko ditugu asteburuan Euskal Herriko Doinuen jaialdira datozen guztiak". Jaialdiko egitarau osoa anboto.org atarian kontsultatu daiteke.