Euskal atletismo klubek Zornotzako nazioarteko krosean bilatuko dute Espainiako txapelketarako txartela

Anboto 2022ko urr. 19a, 13:28

Zornotzako alkate Andoni Agirrebeitia eta Zornotza Kirol Elkarteko Juanjo Anderez gaurko aurkezpenean.

Elite mailari dagokionez, goi mailako kroslariak etorriko dira, baina ez dauden onenak.

Zornotzako Nazioarteko Krosaren eguna urtarriletik urrira aldatu zuten iaz, krosen nazioarteko egutegi berriak eraginda. Aurten data berdina mantenduko dute eta domeka honetan jokatuko da Jauregibarriako landetan. Horri esker, krosaren elitean eta nazioarteko federazioaren egutegiaren barruan jarraituko dute. Are gehiago, hiru izendapen posibleetatik —urrea, zilarra eta brontzea— gorenari eusten diote, urrezkoari; eta horixe da, hain zuzen, Zornotza Kirol Elkartekoen helburu nagusia. "Gure nahia beti izan da ahalik mailarik gorenean egotea. Horixe izan da Zornotzako krosaren helburua hasiera-hasieratik", adierazi zuen elkarteko kidea den Juanjo Anderezek probako aurkezpenean.

Lehiari dagokionez, aurtengo aldia bereziki garrantzitsua izango da euskal klubentzat. Izan ere, azaroaren 13an kluben arteko Espainiako txapelketa jokatuko da Atapuercan (Burgos, Espainia) eta bertan ariko diren euskal klubak Zornotzan erabakiko dira.

Hainbat lasterketa asteburu berean

Bestelakoan, goi mailako atletak etorriko dira, baina ez dauden onenak. Izan ere, asteburu berean Valentziako maratoi erdia jokatuko da, munduko probarik "onenetakoa" distantzia horretan, eta korrikalari batzuek hura lehenetsiko dute.

Elitekoaz gainera, kros herrikoia egingo dute. Kasu honetan ere badago beste oztopo bat: bezperan Bilboko gau maratoia dago. "Hori ez da ona guretzat eta seguruenik ezta eurentzat ere". Horiek horrela, datorren urtera begira Zornotzako krosa astebete atzeratzen saiatuko dira, urriaren 29ra.

Faboritoak

Gizonetan, Burundiko Rodrigue Kwizera eta Italiako Iliass Aouani aipatu daitezke faboritoen artean; munduko kros zirkuituko txapelduna  eta Italiako kros txapelduna dira, hurrenez hurren. Emakumeetan Aimee Pratt britainiarra, Cavaline Nahimana burundiarra eta Cristina Ruiz burgostarra irabazteko hautagaien artean daude. 

Mailaz maila, 09:40an hasiko dira lasterketak. Emakumeen nazioarteko proba absolutua 12:15ean hasiko da eta gizonena, 12:50ean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!