Zornotzako Nazioarteko Krosa urrezko mailako izendapen gorenagaz antolatuko dute domekan

Anboto 2021ko urr. 19a, 15:02
Zornotzako Udaleko, Bizkaiko Aldundiko eta Zornotza Atletismo Klubeko ordezkariak gaurko aurkezpenean.

Nazioarteko federazioak mailako berrantolatu ditu krosak eta Zornotzakoa goi-goian kokatu dute. Gaur aurkeztu dute domekan izango den 67. aldia.

Zornotzako Nazioarteko Krosa nobedade handi bigaz dator asteburuan eta biak lotuta daude; bata bestearen ondorioa da. Alde batetik, Nazioarteko Atletismo Federazioak —World Athletics lez ezagutzen da— kros egutegia berrantolatu du eta garrantziaren arabera sailkatu ditu krosak, pistan eta asfaltoan egiten duen moduan; eta, Zornotzakoari izendapenik gorena eman dio, urrezkoa. Egutegi berriaren barruan urriaren 24an, domeka honetan, egin diote tokia, orain arte urte hasieran antolatzen zuten arren.

Zornotza Atletismo Klubak antolatuko du ekimena. Klubetik argi zuten urrezko izendapenaren bila joan behar zutela: "Euskal Herrian atletismoko txapelketa bat antolatu dugun bakarrak gara eta kros honetan munduko txapelketa edo Joko Olinpikoetan urrea irabazi duten 49 korrikalarik parte hartu dute. Horrez gainera, antolakuntzan esperientzia zabala dugu, aurten 67. aldia izango da eta", azaldu du kroseko aurkezpenean Zornotza Atletismo Klubeko Juanjo Anderezek. 

Orain, erronka berriari erantzuteko lan egingo dute. "Aurtengo gure benetako erronka ekimena ondo antolatzea izango da hurrengo urteetan izendapenari eusteko, baina esperientzia handia dugu eta dena ondo irtengo denaren esperantza dugu", adierazi du  Anderezek. Klubeko kideez gainera, 30 boluntarioaren laguntza izango dute.

Joan direnak gogoan

Zornotzako krosa jende askoren ahaleginari esker heldu da gaur egunera arte eta horiek gogoratu gura izan ditu Anderezek. Covi-aren ondorioz hil den Jesus Maria Vilella da euretako bat; Miguel Bilbao, Josea Mari Guinea, Juanjo Ziarrusta eta Javi Ormaetxe ere gogoratu ditu.

Maila handiko kroslariak

Domekan umeetatik nagusietara arteko 12 lasterketa ikusi ahalko dira Jauregibarriako landan. Lehenengo krosa 09:40an hasiko da. Proba herrikoia eta kirol egokitukoa ere ez dira faltako. Nagusien lasterketak eguerdian izango dira: 12:15ean, emakumeena, eta 12:50ean, gizonena. 

Pandemiaren ondorioz, urte hasieran egitekoak ziren lasterketa asko sasoi honetara atzeratu dituzte. "Asteburu honetan dozena bat kros egongo dira, batzuk maila handikoak", dio Anderezek. Horrek zaildu egin du izen handiak ekartzea, baina hala ere goi mailako atletak datoz. Gizonetan munduko kros txapelketan 10. amaitu duen Joel Ayeko ugandarra eta Tokioko jokoetan —3.000 metroko oztopo proban— bosgarren geratu zen Yemane Haileselassie eritrearra; emakumeetan, berriz, juniorren munduko txapelketan laugarren amaitu duen Dolshi Tesfu eritrearra dator, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!