MEMORIA HISTORIKOA

Frankismoak Amorebietan eta Etxanon eragindako errepresioa jaso dute liburu bitan

Ekaitz Herrera 2022ko eka. 30a, 13:53

Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Aitor Pescador historialariak ikerketa potoloa egin dute gerra aurretik eta gerra ostera bitartean egondako errepresioa dokumentatzeko. Arratsalde honetan jendaurrean aurkeztuko dituzte liburuak, Zelaieta zentroko aretoan.

22 bonbardaketa, borrokan hildako 378 gudari eta miliziano asturiar, emakumeen kartzelan jazarritako 1.413 emakume, Mauthausengo kontzentrazio esparruan bukatu zuten zornotzarrak (Austria), Gursekoan amaitu zutenak (Biarno, Okzitania), herrian eraildako 260tik gora bizilagun, euskararen aurkako jazarpena, kale izendegia aldatzea, gerrako presoak lana egitera behartzea... zerrenda labur bat egitea nahikoa da errepresio frankistak Amorebietan eta Etxanon, garai hartako udalerri bietan, eragin zuen minaz konturatzeko. Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek eta Aitor Pescador historialariak dokumentazio hori guztia ikertu dute azken lau urteotan, eta goiz honetan ikerlan horren emaitza kaleratu dute: Amorebieta/Etxano 1931-1945 izenburupean, liburu biko ikerlana argitaratu dute. Liburuetako batean testuinguru eta gertakari historikoak aztertu dituzte. Bigarrenean, errepresio mota bakoitza jasan duten herritarren, edo historiako une hartan Zornotzan zeudenen, zerrenda ageri da.

Aitor Pescador historialariak egin du ikerketa, Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzagaz. Bere esanetan, "sorpresa" izan da. "Ez nuen aurkitutako guztia topatzea espero", aitortu du. Pescadorrek azaldu duenez, gertakari historikoez haratago, bere ikerketa gerra jasan zuten pertsonengan eta haren ondorioetan bideratzen saiatu da: "fokua errepresio motaren bat jasan duten pertsonengan jarri dut, bai zornotzarrak, bai garai hartan Amorebietan edo Etxanon zeudenak, gerragatik, preso egoteagatik, behartuta lan egiteagatik, erailak izateagatik…". Egileak Euskal Autonomia Erkidegoko artxibo gehienetatik, Nafarroako artxibo orokorretik eta Espainiako artxibo zibil zein militarretatik lortu du informazioa. 

Egia gailendu dadin

Liburuen aurkezpen ekitaldian Aranzadi Zientzia Elkarteko Javi Buces ere egon da. Bucesek adierazi du liburu hauekin "egia landu" egin dela, "metodo zientifikoekin osatutako ikerlana". "Hainbestetan aipatutako egia, justizia eta erreparazioa esana betetzeko egia behar da lehenik. Orain, badago aukera nahi izatera beste ekintza batzuk egiteko", esan du Bucesek. Andoni Agirrebeitia alkateak "herriagaz izandako zorra kitatzea" lortu dela adierazi du. "Herri batek aurrera egin gura badu, zer gertatu den jakin behar du", gaineratu du. Ikerlanak udalbatza osatzen duten alderdi guztien babesa izan du.

Aurkezpena herritarren aurrean

Arratsalde honetako 19:00ean liburu bien aurkezpen publikoa egingo dute Zornotzako herritarren aurrean. Ekitaldia Zelaieta zentroko aretoan egingo dute. Bestalde, liburuak Zelaieta zentroan ipiniko dituzte salgai. 20 euroren truke liburu biak eskuratu ahalko dira. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!