“Bonbardaketen ostean, Zornotzako zati handi bat gerra-presoek berreraiki zuten”

E.H./J.G. 2022ko mai. 20a, 09:30

1931-1945. urteen artean errepresio frankistak eta gerra zibilak Zornotzan izandako eragina liburu bitan jaso du Aitor Pescador historialari bilbotarrak. Lehenengo liburuak artxiboko 300 argazkitik gora jasotzen ditu, besteak beste. Aranzadiko kideak dokumentazio lan handia egin du urte haietan herrian bizitakoa azaleratzeko. Esate baterako, sasoi hartako Amorebieta eta Etxano herriek asteetan jasandako bonbardaketak ez dira hain ezagunak. Garai hartako beste gertaera  batzuk ere kontatzen dira. Argazki historikoetariko batean, maiatzaren 18an Zornotza hartu zutenean teniente koronel frankista zaldi gainean herrian sartzen agertzen da. Autoreak berak aitortu duenez, gertaera belikoak baino, errepresioak herritarrengan izan zuen eragina jasotzea izan du helburu. 

Zein errepresio mota dokumentatu dituzue?
Oinarrian lokalizatu duguna errepresio beroa eta hotza izan dira. Errepresio bero modura izendatuko genuke Zornotza hartu zutenean gertaturiko hilketak, Aita Roman Urtiaga karmeldarrarena adibidez. Ez dago epaiketarik. Atxilotu eta exekutatu egin zituzten frankistek. Berehala errepresio hotza hasi zen. Frankismoak sorturiko legediaren bitartez, gerran borrokatu zirenen kontrako auziak hasi ziren, baita populazio zibilaren aurkakoak ere. Milizianoen aurkako prozesu asko heriotza zigorragaz eta kartzelaldi luzeekin amaitu ziren, kasu batzuetan 30 urte baino gehiago. Udal bizitzan parte hartu zutenen aurka ere egin zuten. 1939ko erantzukizun politikoen legea oinarri hartzen zuten eta legearen aurreko gauzengaitik ere epaitzen zituzten. Arlo kulturalean, politikoan zein hezkuntzan jardun zutenak epaitu zituzten eta ondasunak konfiskatu zizkieten. Horrela, ordaindu beharreko isuna birkalkulatzen zuten. Frankismoaren mendeku eredua oso ondo kalkulaturiko sistema izan zen eta errepresioa herritarren hilketetatik haratago eraman zuten. Pertsekuzio ideologiko eta politiko konstantea izan zen. 1945era arte ikertu dugu, baina prozesu batzuek 50eko hamarkadara arte iraun zuten. Eredu errepresibo horretan errua orokortu egin zen. Epaiketa horietariko informeak herritarrengadik zetozen. Batez ere, frankismoak ezarritako alkatearen, abadearen, Guardia Zibilaren arduradunaren eta herriko falangearen arduradunaren informeak ziren. Horren aurrean, herritarrek euren errugabetasuna frogatu behar zuten. 

Ikerketaren zati bat herritarren lekukotzekin osatu duzue.
Bai, eta orokorrean lekukotzetan ez dago gorroto edo mendeku nahirik. Beharrizana dago memoria berreskuratzeko. 40 urteko errepresioa izan zen. Gertaturikoa moduren batean ezagutaraztea gura izan dute.

Artxibo lan handia egin duzue.
Estatu espainiarrean, errepresioaren eta gerra zibilaren arloan, orain zabaltzen ari diren artxiboak daude. 80 urte geroago dokumentazioa berreskuratzeko prozesu batean gaude, eta oraindino informazioa ezagutzen ari gara. Ildo horretatik, Zornotzan ospitale bat egon zen. Beraz, zauritu asko egon zen ospitale horretan. Bertan hil zirenak Zornotzako frontean hildako lez erregistratu zituzten. Frontean hildako hamarnaka asturiar ere Zornotzan hildakotzat erregistratuta daude. Bestalde, 1947ra arte martxan egon zen emakumeen kartzela ere ikertu dugu. 2.000 espetxeraturen izenak jaso ditugu. 

Amorebieta eta Etxano puntu estrategiko batean zegoen.
Komunikazioen lotune bat izan zen. Amorebieta eta Etxano frontean zeuden, posizio estrategikoa zuten Burdinazko Hesian. Errefuxiatu kopuru handia jaso zuten. Horregaitik, gerraren ondorio guztiak jasan zituzten. Bonbardaketak eta herritik gertuko enfrentamenduak gertatu ziren, maiatzaren 18an jausi arte. 

Zornotzako bonbardaketa ez da hain ezaguna. Durangokoa, Elorriokoa edo Gernikakoa ezagunagoak izan ziren. Izan zuten ezberdintasunik?
Nahiko ezaugarri antzekoak dituzte. Neurri handi batean bonbardaketa esperimentalak izan ziren, abiazio alemaniar eta italiarrak gauzatuak. Agian, Zornotzako bonbardaketak neurtuagoak dira Gernikako bonbardaketan gertaturikoaren eraginez. Gernika agian proba gogorregia izan zen, eta, gainera, lekukoak izan zituen. Horren aurrean, posible da Amorebietan eta Etxanon bonbardaketa selektibo eta progresiboagoa egin izana, kasu honetan ere populazio zibilari eraso egin zioten arren. Bonba su-eragileekin eta lehergailuekin esperimentatzen jarraitu zuten ikusteko etxeak zelan apurtzen ziren eta ondoren zelan jausten ziren. Hala ere, sentsazio bat dago erakusten duena Gernikaren osteko bonbardaketan zelanbaiteko moderazio bat dagoela. 

Zenbat bider bonbardatu zituzten Amorebieta eta Etxano?
Sei bider baino gehiago. Maiatzaren 14tik 17ra bonbardaketak nahiko intentsoak izan ziren. Hildako ugari eragin zuten. Gernikan egon zen George Steer kazetariak esan zuen Zornotzako bonbak ere ikusi zituela eta eztanda egin bako bonbaren bat lokalizatu zuela. Kazetari horrek dio Gernikakoak baino tamaina txikiagokoak zirela baina lehergailuzkoak zirela eta  sua eragiten zutela. Beraz, populazio zibilaren aurkako terrorearen bonbardaketak praktikatzen jarraitu zuten Zornotzan.

Bonbardaketa hauek zenbat hildako eta zauritu eragin zituzten guztira?
Ez dago estimazio zehatzik. Izan ere, gerrako frontea bertan kokatuta zegoen. Apirilaren 13ko, 22ko, 28ko eta 30eko bonbardaketak erregistratuta daude. Maiatzaren 14tik 17ra ere hainbat bonbardaketa egon zen. Apirilaren 30ean hain zuzen ere, Bilbo-Zornotza errepidea bonbardatu zuten eta 22 hildako eta 34 zauritu eragin zituen. Ez dugu zifra zehatzik. 

Liburu bi kaleratuko dituzue. Jasoriko informazioa zelan antolatu duzue liburu bi horietan?
Lehenengo liburua historian oinarrituta dago, eta bigarrena izenetan. Liburu bietan herritarrengan zentratu gara batez ere. Lehenengo liburuan, 1931tik 1937ra Zornotzaren testuingurua azaltzen da. Bonbardaketari buruz berba egiten da, baina helburua herritarren bizitza azaltzea izan da, ez hainbeste gai belikoak jasotzea. Esate baterako, Errepublika aldarrikatzen denean udaleko aktak elebitan idazten hasi ziren: euskaraz eta gaztelaniaz. Beste adibide bat: Zornotza hartu eta hilabete gutxira hilerriko hilarrietan euskarazko izenak aldatu behar izan zituzten, alkateak horrela eskatuta. Zerrenda bat egin zuten. 1940ko hasieran gertatu zen. 

Bonbardaketek Zornotzako etxeak txikitu zituzten. Zelan berreraiki zituzten?
Francok, 'La Nueva España' ereduaren barruan, hainbat herri adoptatu egin zituen, eta Zornotza horietariko bat izan zen, 1939ko abenduaren 15eko dekretu baten bitartez. Hortik aurrera, eskualde suntsituen zerbitzu nazionalean sartu zen. Hau da, berreraiki egin behar zen. Gorriek eta nazionalistek suntsituriko inguruak berreraiki behar zirela zioen publizitate frankistak. Udaletxea, 70 etxe partikular baino gehiago, umeen eskola nazionala, merkatuko arkupeak, Guardia Zibilarentzako kuartel berri bat, hiltegi berri bat... Hori guztia Reconstrucción deitzen zen aldizkari batean iragartzen zen. Liburuan berreraikitze horretako hainbat argazki ikusi daiteke. Obra horietariko asko Deustuko kartzelako presoek egin zituzten. Mota honetako berreraikitzeak Batallones de Soldados Trabajadores delakoek egiten zituzten. Frankismoak epaitu ere egin ez zituen soldaduak ziren. Gerra-presoak ziren. Ez zeukaten sententziarik. Kontzentrazio esparru batean zeuden, kasu honetan Deustukoan. Horrela, Zornotza frankismoak sorturiko ibilbide turistiko baten parte izan zen: La Ruta de la Guerra del Norte. Gernika, Durango, Bilbo, Santander, Gijon... 1938ko ekainaren 14tik aurrera, turismoko zerbitzu nazionalak Zornotzako Udala informatu zuen ibilbide horretako parte zela esanez eta horren arduradunekin kolaboratu behar zuela azalduz. Interesa zuten lekuen eta gerraren eraginez kaltetuak izan ziren tokien berri ematea eskatzen zioten udalari. Ibilbide horretarako erakargarria izan zitekeen guztia. Familia frankistek esaten zuten gorriek eta nazionalistek eragindako kaltea ikustera zihoazela.

Erlazionatuak

[BIDEOA] Maiatzak 18 zituen

Ekaitz Herrera 2022 mai 18 Zornotza

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!