Zornotzako Ernaik haien kontrako "manipulazio kanpaina" egitea leporatu dio udalari

Anboto 2022ko eka. 9a, 10:30

Gazte antolakundearen iritziz, "erridikulua" da "hilabeteak daramatzan Bizkargiko margoketa Ernaik egindakoekin batera kondenatzea eta egileak berdinak direla iradokitzea, sobera argi dagoenean hori ez dela horrela". 

Zornotzako Udalak herrian zehar agerturiko pintaketa batzuk gaitzetsi ditu aste honen hasieran, eta gaur, Ernai antolakundeak ohar bat kaleratu du "erantzun" modura. Gazte antolakundearen iritziz, "erridikulua" da "hilabeteak daramatzan Bizkargiko margoketa Ernaik egindakoekin batera kondenatzea eta egileak berdinak direla iradokitzea, sobera argi dagoenean hori ez dela horrela". Ernaik "manipulazio  kanpaina" egitea, "herritarrak nahastea" eta antolakundea "jomugan" ipintzea egotzi dio udalari.

Horrez gainera, udalak ezabatzen dituen margoketa "bakarrak" izaera "politikoa eta artistikoa" dutenak direla dio gazte antolakundeak. "Herri mugimenduko edozein aldarrikapen edo herriko artisten edozein mural azkar batean ezabatzen duzue; margoketa matxistak, faxistak edo homofoboak ezabatzeko, aldiz, ez duzue eragileonak ezabatzeko bezain besteko presarik hartzen", kritikatu du Ernaik. "Are gehiago, sarritan herri mugimenduko kideok eman behar izaten dugu abisua", diote.

Bestalde, Ernaik indarrean dagoen kale garbiketaren ordenantza "ezabatzea exijitu" dio udalari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!