Zornotzako EH Bilduk gobernu taldea kritikatu du Saioa Agirreren auzian izandako jarreragatik

Anboto 2022ko mai. 31a, 14:47
Zornotzako udaletxean egindako osoko bilkura bat, 2021eko azaroan.

Koalizio subiranistaren berbetan, "Andoni Agirrebeitia alkatea eta Ainhoa Salterain  Berdintasun zinegotzia ez dira gai izan torturak eta sexu-erasoak sufritu zituen Saioa Agirreri babesa emateko adierazpen instituzionalik egiteko edo elkarretaratzerik deitzeko".

Zornotzako EH Bilduk udal gobernu taldearen jarrera kritikatu du hile honetako osoko bilkuran. Koalizio subiranistaren iritziz, "EAJren udal gobernuak beste aldera begiratu du Saioa Agirrek jasandako tortura eta sexu-erasoen kasuan". Are gehiago, Agirre "bakarrik utzi" izana leporatu diote gobernu taldeari.

EH Bilduk oharra bidali du hedabideetara. Bertan, Andoni Agirrebeitia alkatea eta Ainhoa Salterain Gizarte Ekintza eta Berdintasun zinegotzia seinalatu ditu, "indarkeria matxista kasuak salatzeko eta biktimari udalaren laguntza eskaintzeko bitartekoak" izan arren, koalizioaren arabera, "ez dutelako adierazpen instituzionalik egin, ez eta kontzentraziorik deitu". "Zergatik isiltasun konplize hori bizilagun batek jasandako torturen eta sexu-erasoen aurrean?", galdetu du Zornotzako EH Bilduk.

Absolbitua

Saioa Agirre 2010eko apirilean atxilotu zuen Guardia Zibilak, Sopelan, umeekin lanean zebilela. Zornotzako EH Bilduren arabera, "bost eguneko inkomunikazio aldian torturatua eta emakume izateagatik sexu-erasoak eta umiliazioak" jasan zituen. Espainiako Auzitegi Nazionalak Agirreren eta beste sei euskal herritarren kontrako epaiketa hasi zuen iazko uztailean. Aurtengo apirilean ailegatu da sententzia. Agirre absolbitu egin zuten

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!