"Sentsazio gazi-gozoa dut; egundoko pisua kendu dudan arren, gainerakoengaitik kezkatuta nago"

Anboto 2022ko api. 8a, 09:54

Epaileak 13/13 sumariotik absolbitu ditu Saioa Agirre eta beste kide bi. Beste lau kidek kartzela zigorra jaso dute.

Maila pertsonalean, sententzia "lasaigarria" izan dela dio. Baina epai "bidegabea" da bere esanetan, kontuan hartuta lau kidek kartzela zigorra jaso dutela. Espainiako Auzitegi Nazionalak hirutik zazpi urtera arteko kartzela zigorra ezarri die 13/13 epaiketan auziperaturiko lau euskal herritarri. Epaileak "erakunde terroristako kide" izatea leporatu die laurei; eta absolbitu egin ditu beste hiru kide. Tartean, Saioa Agirre zornotzarra. Agirrek dio, bere kasuan, sententzia "lasaigarria" izan dela. Baina ez du zalantzarik epaia "injustua" dela esatean. "Sentsazio gazi-gozoa dut. Batetik, egundoko pisua kendu dut gainetik. Bestetik, oso kezkatuta nago gainerako kideengaitik. Daukadan sentipena da hamabi urtean eraiki behar izan dudan etxea apurtzea lortu dudala, baina etxeko hondakinak kanporatu barik ditudala oraindino", esan du. 

Prozesu guztia “eskubide urraketekin josita” egon da, Saioa Agirreren berbetan. "Auzitegi Nazionalaren jarrera iraganeko estrategiari lotuta egon da. Eta iruditzen zaidana da Euskal Herrian beste heldutasun politiko bategaz jokatzen gabiltzala. Testuingurua bestelakoa da. Bakea da, behingoz, gura duguna", dio. Arantza [Zulueta], Jon [Enparantza], Naia [Zurriarain] eta Iker [Sarriegi] elkarbizitzaren aldeko pausoak ematen lagundu dutelako kartzelaratu dituzte. Epaia bidegabea dela uste dut", gaineratu du Agirrek.Zapatuan manifestazioa egingo dute sententzia salatzeko, Bilbon eta Donostian. Bilboko mobilizazioa 17:30ean irtengo da, Jesusen Bihotza plazatik. Epaia salatzeaz gainera, kartzeleratuko dituzten lau herritarrei elkartasuna adieraziko diete.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!