[ARGAZKI GALERIA] "Ilusioz beteriko eguna izan da; kirola eta kultura nahastu ditugu"

Ekaitz Herrera 2022ko mai. 23a, 15:22

Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik ailegatutako hockey taldeek topaketa egin dute Zornotzan. Hot Shots Etxano taldeak egin ditu anfitrioi lanak. 

Eskola kirolean aritzen diren hockey taldeek topaketa eguna izan zuten atzo. Zornotzako Andra Mari ikastolako frontoian batu ziren talde guztiak, Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik etorrita. Etxekoek, Hot Shots Etxano hockey taldeko umeek eta gurasoek, egin zituzten anfitrioi lanak. Maider Ituarte taldeko presidenteak dioenez, "ilusioz beterik" bizi izan zuten atzokoa. "Gure taldeko umeak eta familiak izugarri inplikatu ziren topaketen antolakuntzan. Gurasoek mordoa lagundu zuten, umeek errifa ugari saldu zuten. Lan itzela egin dugu", adierazi du.

Topaketak goizeko 9:00etan hasi zituzten eta 14:00ak aldera bukatu. Eta bien bitartean, zelan ez, elkarren aurkako partidak jokatu zituzten. Eta kirolagaz batera, kultura. "Etxanoko joaldunek erakustaldi txiki bat egin zuten. Kirol jarduera eta kultura nahastu ditugu zelanbait", dio Ituartek. Gainera, Zornotzako hockey taldeak Etxanoko herritarrek elkarlanean egindako maskota erraldoia jaso dute: Miru. Miru hegaztiaren itxurako maskota. "Etxanoko Auzo Elkarteak egin du erraldoia, joskintza lanak herritarren artean eginda", zehaztu du Ituartek.

Topaketa hauetan honako talde hauek parte hartu dute: Hot Shots Etxano (Zornotza), Marras Txiki (Soraluze, Gipuzkoa), Lauro Ikastola (Loiu, Bizkaia), Muskerrak Txiki (Arabako lautada) eta Sumendi Power (Gasteiz, Araba). 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!